Martxoaren 20an, osteguna, ospatuko da Euskaraldiaren laugarren edizioaren aurkezpen publikoa izango da Bilboko Udalak euskararen erabilera sustatzeko ekimen honen barruan prestatutako hiru ekintza nagusietako lehena. Astearte honetan goizean, martxoaren 11n, Bidebarrieta Kulturguneak jaialdi honen aurkezpena jaso du, eta bertan Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariak, Alazne Astorga eta Uxue Sagarminaga Bilboko dinamizatzaileak —Euskaraldiaren ordezkari gisa—, eta Eneko Carrillo Berbaizu Euskara Elkarteko kideak nondik norakoak azaldu dituzte.

Hurrengo jardunaldia apirilaren 3an izango da, entitateen ingurukoa. Eta, azkenik, ekitaldi handi bat antolatuko da maiatzaren 15ean ekimenaren hasierari ikusgarritasuna emateko. Hasiera jendetsua egingo da, beraz, hiriko espazio publiko esanguratsu batean. Orduan emango zaio hasiera ekitaldiz beterik egongo diren eta maiatzaren 15etik 25era arte luzatuko diren 11 eguni.

Euskaraldiaren IV. edizio honetan, ekimenak helburu argi bat hartu du bere gain: euskararen erabilera aktibatzea. Ez dira, beraz, jarduera sozialeko 11 egun bakarrik, zerbait gehiago da, dinamika bat zabaldu nahi baita denboran eta gizartean. Izan ere, helburua da, aktibazioan oinarriturik, herritarren hizkuntza-ohiturak alda daitezela eta euskararen erabilera areagotu dadila. Era berean, euskarazko kultura-jarduera indartu nahi da, lankidetza sustatu, eta entitateak euskaraz bizitzeko neurriak hartzera bultzatu. Euskaraldia praktika kolektibo bat da, pertsonek zein taldeek parte hartzen dutena.

Aurtengo edizioa udaberrian egitekoa denez, antolatzaileek proposatu dute Euskaraldia kalera ateratzea. Euskaraldiak, ahobizi eta belarriprest rolen bitartez, testuinguru ezin hobea ematen du hizkuntza-ohiturak aldatzeko, eta, arduradunen iritziz, esanguratsua da aldaketa hori Bilboko kaleetan ikustea.

"Gure gizarteak kaleetan egiten du bere bizitzaren zati handi bat, eta, horregatik, euskaraz hitz egin nahi duten pertsonez bete nahi ditugu kaleak. Uste dugu Euskaraldiak giro ezin hobea sortzen duela horretarako”, adierazi du Uxue Sagarminaga Bilboko Euskaraldiko dinamizatzaileak. “Askotan, ez gara konturatzen, baina gure lehenengo hitzak funtsezko leku batean kokatuko du hizkuntza beste pertsonarekin dugun harremanetan. Uste dut Euskaraldiak duen altxorrik politena dela judiziorik gabeko espazio seguruak sortzen dituela”, gaineratu du Alazne Astorgak, Euskaraldiaren Bilboko beste dinamizatzaile batek. Izan ere, hiria euskaraz hitz egin ahal izateko leku seguru bihurtzea du helburu ekimen horrek.

Bilboko Udalaren konpromiso irmoa

Biziprest elkartearen eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenari esker, Euskaraldia beste urte batez izango da Bilbon. Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako zuzendaria Euskaraldiaren moduko ariketa sozial masiboen alde agertu da. “Komunikatzeko darabilgun lehenengo hitza euskarazkoa izateak garrantzi handia du, baita gure hirian ere. Elkarrekintza bakoitzean, euskararen erabilera handitu egiten baita, eta elkarrekin lan eginez lortzen da horretarako giro egokia sortzea. Nahi dugu Euskaraldia parte-hartze aktiboko ariketa bat izan dadila, euskara erdigunean jarriko duena”, nabarmendu du.

"Bilboko herritar askoren sozializazio-gune nagusia eurak bizi diren auzoak dira", azpimarratu du Eneko Carrillo Deustuko Berbaizu Euskara Elkarteko kideak. Horregatik helburua da Euskaraldiko jarduera asko auzoetan egitea, bertako euskaltzaleekin elkarlanean.

Dagoeneko, zenbait info-mahai antolatu dira Bilboko auzoetan, Euskaraldiari ikusgaitasun eta presentzia handiagoa emateko hiri osoan. Gainera, hainbat auzotan Euskaraldiarekin loturik dauden batzordeak berraktibatzen ari dira, bakoitzak bere eremuan ekimenak antolatzeko.

Antolatzaileek nahi dute, orobat, entitateen parte-hartzea sustatzea eta erreferentzia-puntu izatea auzoak ez diren gizarte-sektoreak ere batzeko. Entitateek izena emateko epea zabalik dago Euskaraldiaren webgunean. Era horretan lortu nahi da parte-hartzaileen profila ahalik eta askotarikoena izatea eta ariketa ahalik eta masiboena izatea.