Zabalik Aste Santuko aisialdiko programetan izena emateko epea
954 plaza daude 2013 eta 2021 artean jaiotako neskato-mutikoentzat
Bilboko Udalak Aste Santuko aisialdi hezigarriko programetarako plazak eskatzeko epea ireki du. Programa horiek uriko 3 eta 11 urte bitarteko umeei bideratuta daude, hau da, 2013 eta 2021 urteen artean jaiotakoei. Eskaerak udalaren web-orrian edo informazio-telefonoan (010/944 010 010) egin daitezke martxoaren 3ra arte. Guztira 954 plaza eskainiko dira.
Bilboko Udalak proposatzen dituen jardueren xedea da hezkuntza ez-formala lantzeko espazio bat eskaintzea, aisialdiko jarduerekin olgatzeko aukera emanez. Programa horien bidez, Bilboko Udalak lana eta familia-bizimodua uztartzeko modua eskaintzen du, eta umeei aukera ematen die trebetasun eta joko berriak ezagutzeko eta euren inguruneko beste adingabe batzuekin harremanak egiteko.
Zozketa eta prozedura, urratsez urrats
Plazen zozketa publikoa martxoaren 5ean egingo da, Gazteria eta Kirol Sailaren egoitzan (La Perrera), Sabino Arana kaleko 50. zenbakian. Zozketa martxoaren 6tik aurrera kontsultatu ahal izango da, eskaera egin den puntu berberetan, eta plaza lortzen duten pertsonek martxoaren 6tik 11ra bitartean eman ahal izango dute izena. Behin izena emanda, plazaren formalizazioa prezioa ordainduz egingo da: 10,20 euro izango da; 7,50 euro familia ugarientzat eta/edo guraso bakarrekoentzat eta 3,60 euro diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko sarrera jasotzen dutenentzat. Izena bigarren asterako eman bada: 13,60 euro, 10,00 euro eta 4,80 euro ordaindu beharko da, hurrenez hurren.
Itxarote-zerrendan geratuz gero, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzua interesdunekin jarriko da harremanetan, zozketarekin sortutako itxarote-zerrendaren ordenari jarraituz.
STEAM gaia
Jarduerak Bilboko barrutietako udaltegietan egingo dira eta, meteorologiak ahalbidetzen duen guztietan, programaren egoitzatik hurbil dauden gune irekietan. Hala, programa honetan parte hartu ahal izango dute 3 eta 11 urte bitartekoek (2013 eta 2021 bitartean jaiotakoak). Hala ere, programazioa 3 adin-tartera egokituta dago: 2013-2015, 2016-2018 eta 2019-2021 bitartean jaiotakoentzat, eta euskara izango da komunikazio-hizkuntza nagusia. Aurten, Basurtuko Udaltegian eta Esperantzan STEAM gaiko koloniak eskainiko zaizkie 2013 eta 2015 bitartean jaiotako pertsonei, eta zientziara, teknologiara, matematikara eta abarretara hurbilduko dira modu ludikoan.
Eskoletako oporretako bi asteetako bat aukeratu ahal izango da, edo apirilaren 14tik 16ra edo 22tik 25era bitarteko astea. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da baina sarrera eta irteera malguak izango dira, 9:00etatik 9:30era eta 13:30etik 14:00etara.
Programak Deustu, Castaños, Begoña, San Frantzisko, Esperantza, Abusu, Abando, Irala eta Basurtuko udaltegietan egingo dira. Adin horietakoentzat Otxarkoagan eta Zorrotzan ere egongo da eskaintza. Otxarkoagan eta Zorrotzan izena emateko, honako erakunde hauekin jarri behar da harremanetan: Otxarkoaga: otxargainean@gmail.com - 946 410 479 eta 623 383 724 eta Zorrotza: Gure Lurra-621 333 371.
Bilbon erroldatutako haurrentzako programak dira, baina Abusuko kasuan, Arrigorriagako familiek ere izango dute aukera. Horretarako, plaza eskatu beharko dute, martxoaren 4ko 09:00etatik aurrera haurzerbitzua@bilbao.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita, hautatutako txanda eta harremanetarako telefono bat adierazita. Espazio horretan plazak hutsik geratuz gero, Haurren Gaietako Zerbitzuak familia interesdunei deituko die, mezu elektronikoak iritsi diren hurrenkera kontuan hartuta.
Hala birala!, kultura digitalari buruzko camupsa
2013an eta 2014an jaiotako neska-mutilek beste aukera bat ere badute, kultura digitalera hurbildu nahi badute: Hala birala! Campusa 4 egunekoa izango da, apirilaren 22tik 25era, Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1, San Ignacio) 09:30etik 14:00etara. Campusean, besteak beste, stop-motionekin eta musika, kartelak, bideoak eta bideo-jokoak sortzen esperimentatu ahal izango dute. Sareen erabilera egokiari buruzko hausnarketa ere egingo da. Jarduera guztiak euskaraz izango dira, eta bikoteka izena emateko aukera egongo da.
Programa horietan parte hartu nahi dutenek plaza eskatu ahal izango dute otsailaren 24tik (astelehena) martxoaren 4ra (martitzena), webgune honetan. Informazio gehiago: info@azkuefundazioa.eus (944 02 80 81) eta euskera@bilbao.eus (944 20 43 91).
Aste Santuan primeran kirola eginez
Bilbao Kirolak-ek 1.242 plaza eskaintzen ditu Aste Santuan primeran kirola eginez programaren barruan. 1.200 plaza izango dira guztira, 6 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzat eta Txurdinaga, Deustu eta San Ignazioko kiroldegietan egingo da. Horiei 42 plaza gehitu behar zaizkie desgaitasunen bat duten 6 eta 16 urte bitarteko neska-mutilentzat, kirol egokituko programa espezifikoaren barruan. San Ignazioko kiroldegian egingo dira jarduera horiek.
Udalekuak apirilaren 14an,15ean, 16an, 22an, 23an, 24an eta 25ean izango dira, 9:00etatik 14:00etara, eta sartzeko eta irteteko ordutegia malgua izango da, 8:30ean hasita goizean eta 14:30era arte, eguerdian.
Interesa duten familiek nahi beste egunetan eman ahal izango dute izena, otsailaren 20tik aurrera (eguena), Bilbao Kirolak-eko web-orriaren bidez edo aurrez aurre kiroldegietako makinetan. Bilbao Kirolak-eko abonatuek eguneko 11,80 euro ordaindu beharko dute eta abonatu ez direnek, berriz, eguneko 16,55 euro.