Itxaso Erroteta zinegotziak zuzendutako Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol saileko talde bat ari da egun hauetan Göteborgen, Suedian, Bilbao Gazte STEAM udal-eredua eta estrategia aurkezten, bertan ospatzen ari den STEAM Hezkuntzaren Etorkizunari buruzko Europako I. Biltzarrean.

Bilbo STEAM aliantzako kide, eta Europako I. Biltzarra

Biltzarra STEAM Aliantzaren testuinguruan egingo da (Bilbo kideetako bat da). Aliantza hori Europan STEAM hezkuntza genero-ikuspegiarekin sustatzeko dagoen lehenbiziko koordinazio-sarea da. Aliantzak erakundeak, ikastetxeak, arduradun politikoak, kultura- eta sormen-industriak, enpresak, ikerketa-institutuak, start-up-ak, CCIak, enpresa teknologikoak, museoak, eta enpresa-, ikerketa- edo prestakuntza-ikuspegi batetik STEAM hezkuntzan interesa duten pertsonak bildu nahi ditu. Azken batean, ezagutza, jardunbide egokiak, gomendio politikoak, hezkuntza-berrikuntza, sareen sorrera eta STEAM karreren sustapena partekatzeko Hub bat da.

Aldi berean, STEAM Hezkuntzaren Etorkizunari buruzko Europako I. Biltzarrak plataforma berritzaile bat aurkeztu du, STEAM hezkuntzaren eta berrikuntza pedagogikoaren arloetan lankidetzan aritzeko eta ideiak trukatzeko. Bilbok plataforma horretan parte hartzen du, 'Bilbao Gazte STEAM' udal-eredua eta -estrategia partekatuz, eta, aldi berean, parte hartzen duten gainerako hirien esperientziak ikasiz eta bereganatuz. Ekitaldi aitzindari hau sormen- eta bikaintasun-erakusgarri bat da hezkuntzaren eremuan, eta STEAM metodologiak ikasleak etorkizuneko erronketarako prestatzean duen funtsezko zeregina aitortzen du. Bereziki interesgarria da ekitaldiak arreta berezia eskaintzen diola emakumeen eta kolektibo ahulenen parte-hartzeari.

Azken batean, hezitzaile ameslariek, industriako liderrek, hezkuntza-politiketako adituek, abangoardiako ikertzaileek, ikasle sutsuek, erakundeek... azken joerak aztertuko dituzte, jardunbide onenak partekatuko dituzte eta Europan STEAM hezkuntzaren etorkizunari forma emango dioten lankidetzak eratuko dituzte, erronka globalei irtenbide sortzaileak emateko duten gaitasuna eta ahalmen eraldatzailea erakutsiz.  

Bilboko barruti guztiek dute STEAM espazio bat

Bilboko Udalak urteak daramatza Bilbao Gazte STEAM estrategia bultzatzen, lankidetzako, sormeneko eta berrikuntzako ekosistema publiko-pribatu gisa, balioetan oinarritutako kultura zientifiko-teknologiko bat sustatzeko, eremu horretan gazteen bokazioak bultzatzeko, eta STEAM prestakuntzarako sarbide unibertsala mesedetzeko, gizarte- eta genero-ekitateko irizpideekin.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziaren hitzetan, "Udalak talentu-hiri gisa kokatu nahi du Bilbo, haurrek eta gazteek zientzia eta teknologia eskuratzeko aukera unibertsala izatea bultzatzen duen hiria. Garapen demokratikorako eta aurrerapen sozial eta ekonomikorako tresna bat, ingurune jasangarri batean".

Bilbao Gazte STEAMek hezkuntza ez-formalaren eremutik garatzen du bere jarduera, eta aisia hezitzailerako proposamenak sustatzen ditu 9 urtetik 30 urtera. Bilboko Udalak STEAM espazio-sare zabala du. Ingurune horretan, jakin-mina eta sormena, adimen emozionala eta enpatia sustatzea formula bikaina da adingabeen garapen integralerako eta talentua sortzeko.

Bilboko barruti bakoitzean STEAM espazio bat dago. Erreferenteak La Perrera, Ramoni eta Esperantza dira. "STEAM eremuan beste programa batzuk ere garatzen ditugu, hala nola "First Lego League", "Green Power", "World Robot Olympiad", auto elektrikoa, "Bizilabe" programa zientifikoa, kolonia teknologikoak... Benetan ilusionatuta eta eskertuta gaude hirien artean esperientziak partekatzeko aukera honengatik; izan ere, Bilbon asko dugu irakasteko eta ikasteko, eta europar erakusleiho hau, hain zuzen ere, pasatzen utzi behar ez dugun aukera bat da", adierazi du Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak.