Astelehen honetan, otsailaren 3an, ireki egin da 2025-2026 ikasturterako Bilboko Haur eta Lehen Hezkuntzako 33 ikastetxe publikoetako matrikulazio epea. Hala, 2 eta 6 urte bitarteko adingabeak dituzten uriko familiek otsailaren 14ra arte izango dute epea matrikula egiteko.
Hezkuntza Sailak familiei dei egiten die beren seme-alabak Bilboko ikastetxe publikoetan inskriba ditzaten: "Gure eskolan itxarongo zaituztegu, zuen eskola ere badelako", dio Eider Bilbao Aldayturriaga Hezkuntza Arloko zinegotzi delegatuak. Zinegotziak, halaber, hiriak eskaintzen duen hezkuntza eskaintza publiko handia azpimarratu du eta "hiriko ikastetxe bakoitzeko hezkuntza taldearen konpromisoak kalitatezko prestakuntza bermatzen du, balioetan oinarritua eta haur guztien beharretara egokitua, ikaskuntza bizigarria eta eskuragarria sustatuz".
Informazio-kanpaina
Matrikulazio-kanpainarekin batera, Hezkuntza Arloak informazio-kanpaina bat jarri du abian datorren 2025/2026 ikasturtean matrikulatzera animatzeko.
Bilboko 10.000 familia ingururi zuzendutako kanpaina da, eta Bilboko ikastetxe publikoetan haurrak matrikulatzeko behar den informazioa biltzen du. Aniztasuna kontuan hartuta, kanpaina 7 hizkuntzatan egingo da: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa, errumaniera, arabiera eta txinera. Gainera, testu guztiak "irakurketa errazean" egin dira. QR kode baten bidez, "barrutiz barrutiko" hezkuntza-baliabide guztiak eskura daitezke. Gainera, kanpaina markesinetan eta bilbobusetan ikus daiteke.
"Nirea, zurea, gurea" izenburupean, otsailaren 14ko eskaerak aurkezteko epea amaitu arte iraungo du kanpainak, eta 2 eta 6 urte bitarteko adingabeak dituzten familiei zuzenduta dago, baldin eta beren seme-alabak Bilbok hiriko auzo guztietan dituen Haur eta Lehen Hezkuntzako 33 ikastetxe publikoetako batean inskribatu nahi badituzte.