Heriotza eragiten duten istripuetan, hirutik batean alkohola eta drogak izaten dira eragile edo tartean izaten dira. Izan ere, gidatu behar denean alkohola edo drogak hartzen badira, 2 eta 15 bider artean handiagoa izaten da istripu bat izateko arriskua (hartutako kantitatearen arabera).

Hori dela-eta, Gabonetan norberaren ibilgailuarekin hainbat joan-etorri egiten direnez, Bilboko Udaltzaingoak herritarrei gogorarazi nahi die garrantzi handikoa dela alkoholik eta drogarik ez hartzea gidatu behar denean, eta tasa seguru bakarra % 0,0 dela.

Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.

Prebentzio-kontrolak

Hain zuzen ere, Gabonak direla-eta, Bilboko Udaltzaingoak prebentzio-kanpaina egingo du, Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan, gidariek alkohola, drogak eta botikak kontsumitzea saihestearren.

Bihar, abenduaren 16an, hasi eta urtarrilaren 6ra bitartean egingo dira kontrolak. Egun horietan, uriko jende gehien dabilen errepideetan kontrola eta zaintza areagotuko da. Egunero hiru kontrol egingo dira – goizez, arratsaldez eta gauez – gidatzean arriskurik handiena eragiten duen jokabideetako bat prebenitzeko.

2023an, Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren prebentzioko 208 kontrol egin zituen urteko zenbait asteburutan, eta sarriago Aste Nagusian eta Gabonetan.

Kontrol horietan, udaltzainek 2.509 alkohol-proba eta 260 droga-proba egin zituzten guztira. Emaitza: 56 positibo alkohol-probetan (horietako 51k ondorio administratiboak dituzte eta 5ek ondorio penalak) eta 12 positibo droga-probetan (denak ala denak ondorio administratiboak dituzte).

2023an, guztira, 514 lagun atxilotu edo ikertu zituzten bide-segurtasunaren aurkako delituengatik Bilbon. Haietako 347, alkoholaren edo drogen eraginaren pean gidatzeagatik (ez zen istripurik gertatu).

Alkoholemia istripuetan

Gainera, 2023an, Istripuak Ikertzeko Ikuskaritzak guztira 708 atestatu bidali ditu epaitegietara (horietatik 144 epaiketa azkarrak izan dira): 407, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delituengatik, eta 301, bide-ezbeharretan inplikatutako pertsonek egindako delituengatik.  

Atestatu horietatik, 347 atestatu alkoholaren edota drogen eraginpean gidatzeari lotutakoak dira; 128 atestatu, epai bidez gidabaimena kenduta ere, gidabaimenik inoiz lortu gabe ere edo puntu guztiak galduta ere gidatzeagatik; 18 atestatu, alkohol- edo droga-probak egiteari uko egiteagatik; 213 atestatu, zuhurtziagabekeriazko lesioak eragiteagatik eta gidariak 0,40 mg/l-tik gorako alkohol-tasarekin edo drogaren eraginpean zirkulatzeagatik, eta 2 atestatu, gehiegizko abiaduran gidatzeagatik