Bilboko Udalak 3.906.878,71 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Tiboli kaleko zeinbat tarte, Campo Volantin kalearen eta Moraza plazaren artekoak, konkretuki, berrurbanizatzeko. Espero da, proiektua adjudikatu ondoren, hogei hilabeteko iraupena izatea.

Zehazki, jarduketa horren helburua da, ahal den neurrian, espaloiak zabaltzea eta berritzea, kalearen goiko partera iristeko baldintzak hobetzea, argiak modernizatzea eta dagozkion zerbitzuak berritzea. Zerbitzuak, hala nola argiteria eta saneamendu-sarea, osorik berrituko dira, eta obraren aurrekontuaren zati handi bat horretara bideratuko da.

Gainera, proiektu horren bidez jarraipena eman nahi zaio Moraza plazari Matiko kalerantz, auzoko bizilagunentzako topalekua den eremu honetan oinezkoentzako konexioa hobetzeko.

Zonaldean hiri-altzari berriak jarriko dira (paperontziak, jarlekuak, zuhaixkadun eta landarediadun jardinerak), zoruak eta zoladurak berrituko dira (“Bilbao” motako lauza hidraulikoa eta baldosa podotaktil ildaskatua) eta baranda guztiak berrituko dira obraren eremuaren baitan. Barandak eskola-ekipamenduen sarbideetan daude (Epaltzaren Alargunaren eskola eta Esclavas SC Fatima Institutua), Moraza plazako plazatxoak mugatzen dituzten hormetan eta Tiboli 9 eta 11 atarietarako sarbidea ematen duen kale-buruan.

Herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko asmoz, eremuaren eta obraren beraren tamaina eta iraupena kontuan hartuta, lanak hainbat fasetan banatuko dira:

  • 0A fasea. Hilabete iraungo du eta aurretiazko lanak egin eta oinezkoentzako espaloiak egokituko dira, zeinak hurrengo faseetako behin-behineko trafiko-desbideratzeen eraginpean egongo baitira.
  • 0B fasea. Funtsean, Tiboli kalerako proiektatutako saneamendu-sare berriaren eta Campo Volantineko galeriaren arteko lotura berritzeko obrak egingo dira. Fase horrek hiru hilabete iraungo du.
  • 1. fasea. Saneamendu-sare berria jarri ahal izateko espaloiak eraisteko obrak egingo dira, baita argiztapen-kanalizazio berriak jarri ere; halaber, Campo Volantin pasealekuaren eta Uriortu kalearen arteko tartea berrurbanizatuko da. Lan horiek egin eta zangak estali ondoren, zolarriak egin, zintarriak jarri, espaloiak zolatu eta argiak eta hiri-altzariak jarriko dira.Fase horrek hiru hilabete iraungo du.
  • 2. fasea. Obren bigarren faseak lau hilabete iraungo du, eta eragina izango du Uriortu kalearen eta Castaños kalearen arteko tartean, Epaltzaren Alargunaren eskola dagoen tokian, hain zuzen ere. Horregatik, obra-fase hori udako hilabeteetan egiten saiatuko gara.
  • 3. fasea. Lau hilabete iraungo du eta Castaños eta Anselma de Salces kaleen artean eta Tiboli kaleko errei eta espaloi bakoitiaren arteko eremuan izango du eragina, Moraza plazaraino.
  • 4A fasea. Fase hau bitan banatu da, Matiko kaleko jaitsiera-erreia zabalik egon ahal izateko. Horiek horrela, lehen fase hori Tiboliko espaloi bikoitian gauzatuko da, Anselma de Salces eta Matiko kaleen artean. Hiru hilabete iraungo du.
  • 4B fasea. Amaitzeko, Matikoko espaloi bakoitian lanei ekingo zaie. Fase honek bi hilabete iraungo du.