'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloak agur esango dio azaroko edizioari hileko laugarren hitzaldia ospatuz. Ostegunean izango da, azaroaren 28an, arratsaldeko 19:00etan, Bidebarrieta Kulturguneko liburutegian. Beti bezala sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta joan ezin izatekotan streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Oraingo honetan, klima-aldaketaren ondorioen eta fenomeno horretara egokitzeko bultzatu behar diren neurriak ondorioen inguruan jardungo da.
Gero eta nabarmenagoa da berotegi-efektuko gasen isurketek planetako tenperatura gero eta gehiago igotzen dutela eta adituen proiekzioek ohartarazi dute etorkizunean are eragin handiagoa izango duela. Erregai fosilen erabilerarekin lotutako emisioak nabarmen murriztea ez da nahikoa izango klima-aldaketari aurre egiteko; izan ere, horren ondorio asko ezin dira saihestu, gizateriak dagoeneko eragin baitu ingurumenean eta klima-ziklo globalean.
Horregatik, egokitzapen-neurrien bidez aurre egiteko prestatu behar dugu. "Klima-aldaketara egokituz" hitzaldian, gaur egun klima-arriskuak murrizteko abian jartzen ari direnei errepasoa egingo zaie, ematen dituzten onurak deskribatuz eta, aldi berean, egokitzapenak oraindik konpondu behar dituen gai batzuei buruz hausnartuz.
Elisa Sainz de Murieta Geologia Zientzietan lizentziaduna da eta hainbat urtez sektore pribatuan eta publikoan lan egin zuen mundu akademikoan sartu aurretik. Doktoregoa garatzeko, natura-zientzien eta ekonomiaren metodologiak uztartu zituen, eta klima-aldaketara egokitzearen azterketari ekin zion, politika publikoetan eta klima-arriskuak kudeatzeko mekanismoetan oinarritutako diziplina anitzeko ikuspegi batetik. Ordutik, bere ikerketa gehiena gizarte-zientzien arloan garatu da, ekonomia, geografia edo gobernantza bezalako diziplinen ikuspegiak konbinatuz.
2017tik 2019ra Grantham Research Instituteko (London School of Economics) ikertzaile bisitari gisa aritu zen, eta 2020 eta 2021 urteen artean, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroan, klima-aldaketaren inpaktuak aztertzen espezializatu zen, ikuspegi sozioekonomiko batetik. Klima Aldaketarako Gobernuarteko Aditu Taldearen (IPCC) 6. ebaluazio-txostenean lagundu du, eta nazioarteko hainbat ikerketa-proiektutan ere parte hartu du. Gaur egun, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuaren Saileko irakaslea da, eta BC3ko ikertzailea.
Bidebarrieta Kulturgunea kulturari eskainitako gunea da Bidebarrietako Liburutegiaren barruan. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea dago. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.