Alice Kellen (Silvia Hervás) autore valentziarrak 'Quedará el amor' izeneko bere liburu berria aurkeztuko du Bidebarrieta Kulturgunean. Ekitaldia datorren astelehenean izango da, azaroaren 11n, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ohi bezala, liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da.
Aurkezpenera joan nahi dutenek eskuragarri dute sarreren erreserba, Bilbao Kulturaren webgunearen bidez. Eleberri honen egileak Elena Sierra kazetariarekin hitz egingo du.
'Quedará el amor' lanean, Alice Kellenek sentsibilitatez betetako helduentzako eleberri berri bat amaitu du. "Quedará el amor" izenburuan islatutako sentimendu unibertsalari eta adiskidetasunaren eta itxaropenaren balioari egindako omenaldia da. Maitasunaren indar garailea, desadostasunak eta etsipenak gorabehera, aukeratutako familia horren balioa, benetako lagunak baitira, denok geure buruari entzuteko eta besteekin enpatizatzeko dugun beharra, denboraren ezinbesteko igarotzea eta gure bidean sortzen diren aukera berriak dira liburuak heltzen dituen gai nagusiak.
Alice Kellen (Valentzia, 1989) gazte eta helduen literatura erromantikoagatik da ezaguna. 2013an ekin zion idazle ibilbideari, "Llévame a cualquier lugar" lanarekin, eta orain arte argitaratzen jarraitu du, merkatuan hamabost liburu dituelarik. Erromantikoa, ameslaria eta istorioak kontatzeko sentsibilitate paregabea duena, Alice Kellen egungo literatur panoraman gehien irakurri eta maite den egileetako bat bihurtu da. Valentziarrak panorama literarioa irauli du, eta Espainian 2022an gehien saldu zuen egilea bihurtu da. Bere eleberri goraipatuenen artean daude: "Nosotros en la luna" (2020), "El mapa de los anhelos" (2022), "La teoría de los archipiélagos" (2022) eta "Donde todo brilla" (2023). 2024 honetan Kallenek Literatura Cosmopolitan Influencer Awards by Pandora 2024 saria eskuratu du.
Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kultura zabaltzeko duen gunea da. Bere helburuen artean literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea dago. Bertaratzerik izan ezean, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.