Arriaga Antzokia, Bilboko Hilerria eta La Bolsa eraikina argituko dira satearte honetan haurdunaldian galerak izan dituzten emakumeei eta familiei ematen zaien laguntza ikusarazteko. Ekimen hau urriaren 15ean ospatzen den Haurdunaldiko, Jaiotza Inguruko eta Jaioberritako Heriotzen Doluaren Kontzientziaziorako nazioarteko egunaren barruan antolatuta dago.

Ildo horretan, Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotziak mezu bat helarazi nahi izan die egoera horretan dauden emakume eta familia bilbotar guztiei: "emakume askok sufritu dugu abortu bat edo gure haurtxoen galera haurdunaldiaren etaparen batean, baita jaiotzan ere.  Ez dago kontsolamendu-hitzik, ez dago hobeto sentiarazten digun esaerarik, baina, gure hiriko eraikin sinbolikoenetako batzuk argitzeko keinu sinple honekin, min hori existitzen dela ikusarazi nahi dugu. Udaletik, askotan bakardadean bizi den dolu horretan lagundu nahi zaituztegu".

Esku Hutsik Euskadiko eta Nafarroako haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberritako heriotzen doluaren elkarteak egindako eskaeraren aurrean, Bilboko Udalak bat egiten du dolu hori aldarrikatzen duen ekimen honekin. Dolu mota honek emakume eta familia asko eta haien gertukoak ukitzen ditu, baita haiekin lan egiten duten osasun-profesionalak ere. Osasuneko langileek, hain zuzen ere, zeregin erabakigarria dute dolua ahalik eta modu osasungarrienean jasan dezaten laguntzerako orduan.   

Esku Hutsik Elkartearen arabera, "askotan ikusezinak diren eta onarpenik ez duten doluez ari gara; izan ere, pairatzen dutenek ez dute gizartearen baimena jasotzen hura sentitzeko eta modu irekian adierazteko. Horrenbestez, ez dute behar duten laguntza jasotzen gizarte- eta osasun-eremuan. Heriotza onartzen ez bada, gurasoen dolua ere ez".

Zer da jaiotza inguruko dolua?

Edozein galeraren aurrean, dolu izeneko prozesu emozionalari ekiten diote pertsonek. Jaiotza inguruko dolua haurdunaldian, erditzean edo erditu ondoren gertatzen diren galerek eragiten dute. Kasuistika eta izendapen asko daude: umetoki barneko heriotza goiztiarra edo berantiarra, erditze barneko heriotza, berezko abortua, haurdunaldia nahi izan gabe etetea, biki baten heriotza, haurdunaldiko, jaiotza inguruko edo jaioberritako heriotza... Ernalezintasun-kasuetan ere hitz egiten da dolu mota horretaz.

Esku Hutsik elkarteak emandako informazioaren arabera, "munduan, egunero, honelako 23 milioi galera daude, hau da, minutu bakoitzeko 44.  Estatuan, jaiotza inguruko aldian (haurdunaldiaren 22. astetik jaio ondoko 28. egunera arte) 2.500 haur inguru hiltzen dira urtean, eta egunero 6 familiatan eragin zuzena du horrek. Eta datu horietan ez dira kontuan hartzen ez jaio ondoko 28. egunetik aurrerako jaioberrien heriotzak, ez haurdunaldiko lehen eta bigarren hiruhilekoetako heriotzak, azken horien zifrak askoz handiagoak baitira. Horrela, guztira, haurdunaldien % 25ean, hau da, lautik batean, haurra hiltzen dela kalkulatzen da".