Datorren asteazkenean, urriaren 16an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Susana Carmona psikologo kliniko eta neurozientzietan doktoreak 'Haurdunaldiko eta amatasuneko garun-aldaketak' topaketa eskainiko du Bidebarrieta Kulturgunean.

Haurdunaldia oso garrantzitsua da emakumearen bizitzan, bai maila fisikoan, bai emozionalean. Hizlariak emakumeen gorputzean eta burmuinean haurdunaldiak eragiten dituen asaldurei buruz hitz egingo du; izan ere, haurdunaldiaren egoerak emakumearen gorputzeko ia organo guztiak aldatzen ditu, eta, orain dakigunez, garunari ere eragiten dio.

Horretarako, neurozientifikoak fenomeno horri buruz animalia-ereduetan jasotako datuei buruzko informazioa emango du, eta, horrez gain, haurdunaldiko hormonek garun-aldaketetan duten eginkizuna eta amaren jokabideari egiten dioten ekarpena azalduko ditu. Gizakietan egindako neuroirudi ikerketa urri baina sendoak ere aurkeztuko dira, haurdunaldiak egokitzapen neuroanatomiko sakonak, dinamikoak eta iraunkorrak dakartzala erakusten dutenak.

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Bidebarrieta Liburutegiak antolatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi zikloaren edizio berriaren parte da.

Susana Carmona (Terrassa, 1980) psikologo klinikoa eta neurozientzietan doktorea da. Estatuko eta nazioarteko unibertsitateetan trebatu da, hala nola Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Columbia Universityn, Harvard Universityn eta Massachussets Institute of Technologyn. Bere ibilbidean ikerketa- eta irakaskuntza-lanak uztartu ditu eta 50 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat proiektutan parte hartu du, hamar estatu mailan eta lau nazioarte mailan. Gaur egun, Gregorio Marañón Osasun Ikerketako Institutuko Neuromaternal ikerketa-taldearen buru da.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kultura zabaltzeko duen gunea da. Bere helburuen artean literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea dago. Bertaratzerik izan ezean, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.