Azkuna Zentroak – Alhóndiga Bilbaok Marta Cartú artista aukeratu du komikiaren arloan oinarritutako sorkuntzari laguntzeko programa honen esparruan beren proiektu artistikoa garatzeko. Bestalde, Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L'imagek Pauline Lecerf artista aukeratu du, eta Quebeceko Maison de la Littératurek, aldiz, Cole Degenstein artista.

Egonaldian lan partekatuko tailer bat izango dute hiri bakoitzean, eta, bidaiekin eta ostatuarekin batera, 4.500 euroko zuzkidura ekonomikoa jasoko dute egonaldien iraupena ordaintzeko. Egoitzak hurrenez hurren egingo dira hiru egoitzetan, 2025eko urtarriletik apirilera: Anguleman, urtarrilaren 20tik otsailaren 20ra; Azkuna Zentroan, otsailaren 20tik martxoaren 24ra; eta Quebecen, martxoaren 24tik apirilaren 25era.

Gainera, hiru egonaldiak izan bitartean jaialdi bat egingo da egoitza bakoitzean, harreman profesionalak eduki, jardueretan parte hartu eta ikusleekin elkartzeko egokiak: Komikiaren Nazioarteko Jaialdia Anguleman, Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdia Bilbon eta Québec BD Jaialdia Quebec-en).

Cole Degenstein

Kanadako belardietan jaio eta Montrealen bizi den Cole Degenstein artistaren lanak komikiaren, ilustrazioaren eta poesiaren bidez hartzen du forma. Samurtasuna da bere obraren funtsa, eta etxeko bizitzaren, homosexualitatearen eta landa-aldeko esperientziaren inguruko istorioak ditu ardatz. Cole oso aktiboa da Kanadako komiki eta fanzineen komunitatean, bere argitalpen, antologia eta erakusketa kolektibo ugariek erakusten dutenez. 10-10 to the Wind eleberri grafikoak Center for Cartoon Studies-en 2024 Cartoonist Studio saria jaso zuen.

Marta Cartú

Marta Cartú komikien sortzailea da eta sorkuntza eta hezkuntza artistikoaren arloan lan egiten du. Azken urteetan, lehen komiki-albuma argitaratu du, Hola Siri (2021), eta hainbat istorio labur egin ditu autoedizioaren esparruan. Erakusketa kolektiboetan ere parte hartu du, besteak beste, hauetan: Constelación Gráfica (CCCB, 2022), Cómic. Sueños e historias (Caixaforum, 2022) eta Revuelta en el cómic (MACBA, 2018). Hezkuntzako jarduerak eta esku-hartzeak diseinatu ditu hainbat kultura-erakunderentzat, hala nola CCCB, MNAC eta Born CCMrentzat.

Pauline Lecerf

Pauline Lecerf Bruselan bizi da eta bertan egiten du lan, Meyboom estudioan. Komikiak idatzi, eta proiektu dokumentalak egiten ditu, zinematik kanpoko formak hartzen dituztenak: antzezpenak, bisita gidatuak, kirol-eskolak, jolasak, itxaroteko musika-lehiaketak eta soinu-piezak. Bere lehen komikia, TUT, histoires au-delà du langage, 2024ko otsailean argitaratu zuen Magnanik. Lankidetzan aritu da L'Associationek argitaratutako Mon Lapin quotidien, Cornéliusek argitaratutako Nicole eta Lagon aldizkariekin.

Hiru helmuga dituen egoitza bat

Nazioarteko egonaldi gurutzatu honek bide ematen du hainbat herrialdetako pertsonak elkartzeko nobela grafikoaren funtsezko ingurune profesionaletan. Esperientzia honen helburua komikiaren esparruan sorkuntza sustatzea, eta herrialde desberdinetako pertsonen arteko elkarketa bultzatzea da, eleberri grafikoan funtsezkoak diren ingurune profesionaletan, beste diziplina artistiko garaikide batzuetako artistekin konektatzeko.

Formatu horrek aukera ematen die sortzaileei elkar aberasteko parte hartzen duten hirietako kultura-inguruneak esploratzen. Bestalde, esperientziak eta ideiak trukatuz, haien sormena hauspotzen da eragin gurutzatuekin eta ikuspegi artistiko ugarirekin.

Azkuna Zentroan, Mediateka BBKren barruan dago egoitza. Komikia da espazio honetako bildumaren ardatz egituratzaileetako bat. Zentroko hainbat publiko komunitatek gehien kontsultatzen duten ataletako bat da. Komiktekak, bigarren solairuan genero horri eskainitako guneak, 6.000 liburu baino gehiago ditu, eta podcast bidezko programazio hedatua, urtean 40.000 lagunetik gorako audientzia du.

Orain arte, egoitza honetan Higinia Garay, Marine Des Mazery eta Jimmy Beaulieu (2022); Andrea Ganuza, Charlotte Gosselin eta Clara Chotil (2023); eta Fran Mengual, Lisa Blumen eta Pascale Sévigny-Vallières (2024) hartu dute parte.