Síguenos en redes sociales:

'Aste Nagusian, errespetu nagusia' kanpaina aurkeztu du Bilboko Udalak

Bilbon jai-giroa nabari da dagoeneko. Kontzertuen eta txosnen agertokien muntaketak iragartzen du oso ordu gutxi geratzen direla 2024KO ASTE NAGUSIA abian jartzeko. Udala prestaketa-lan guztiak bukatzen ari da uriak bere ekitaldi jendetsuena eta nazioartekoena abiatzeko: Aste Nagusia.

Hala baieztatu du Juan Mari Aburto alkateak gaur goizean, Erasoen aurkako Estrategia berriaren aurkezpenean. Udalak ziurtatu duenez, «udal talde guztiak prest daude festa, poza eta ilusioa bermatzeko. Gustu eta adin guztietarako kalitatezko eta doako programa bat dugu, eta prest ditugu hirian segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko baliabide eta zerbitzu guztiak, poliziarekin, babes zibilarekin, gizarte zerbitzuekin...».    

Arriaga Antzokian, txalaparta doinuen artean, Udalak jaietan zehar erasoak prebenitzeko eta desagerrarazteko egingo duen lanaren ildo estrategikoak azaldu ditu. Udal estrategia hori, "Errespetu nagusia/Respeto nagusia" leloarekin, larunbat arratsaldean (hilak 17) aktibatuko da, balkoitik txupina jaurti eta Mari Jaia lehen aldiz agertzen denean.

Alkatearen arabera, Aste Nagusiaren sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak zabaltzen duen mezu nagusietako bat ("Bilbo, eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen aurka konprometitua") lortzeko klabeak "errespetua, konpromisoa eta erantzukizuna" dira. Bere hitzaldian esan duenez, "errespetua edozein harremanen oinarrizko printzipioa da. Jokabide desegokiak baztertzeko eta salatzeko konpromisoa dugu, eta jai-eremu segurua lortzeko erantzukizun partekatua daukagu".

Bestalde, Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak azaldu du udalak zein baliabide eskainiko dituen, udal sailen koordinazioari esker (Berdintasuna, Bizikidetza, Segurtasuna, Jaiak eta Gizarte Ekintza), bai prebentzioan, bai arretan, erasorik gertatuko balitz ere: lantalde profesionalak eta arretan espezializatuak, aholku emateko eta jarduteko protokoloak, informazio-gidak, larrialdiko telefonoak dituzten materialak, publizitate-kanpainak… «Gure jai-esparrua berdintasunerako eremua izatea nahi dugu; hori funtsezkoa da indarkeriak, jokabide matxistak, arrazistak eta LGTBIQfobikoak identifikatzeko eta galarazteko».Iazko jaietan bezala, gaur ezagutzera ematen dugun estrategia honek, eraso matxisten aurkako jarrera proposatzeaz gain, jarrera arrazistak eta LGTBIQfobikoak prebenitu gura ditu.

Aurkezpenean Bilboko Konpartsetako kideek parte hartu dute, eta Itziar Urtasun eta Amaia Arregi Jaietako eta Segurtasuneko zinegotziek parte hartu dute, Udalbatzako beste ordezkari batzuen artean, bai eta hiriaren ordezkaritza sozial eta kultural batek ere.

Kalea, kanpaina ezagutzeko estrategikoa

Kanpaina honetarako diseinatutako irudiari dagokionez, "Errespetu nagusia/Respeto nagusia" aldarrikapena sormenaren erdigunean dago. Leloarekin batera Marijaiaren soslaia dago, Marijaia baita errespetuzko eta berdintasunezko jaien defendatzaile gorena, "Bilbo, eraso matxisten, arrazisten eta LGTBIQfobikoen aurka konprometitua" mezuarekin.Gainera, jaiek nazioarteko izaera dutenez gero, mezua ingelesera eta frantsesera itzuli da.

Irudiak abuztuaren hasieratik zabaldu dira hiriko kaleetan jarritako publizitate-euskarrietan. Hemendik aurrera, puntu estrategikoetan haien presentzia areagotuko da, BBKk lagatako lau metroko altuerako bi totem ipinita, Udaletxeko Zubian eta Etxebarria parkeko erakustazokan. Beste euskarri mota bat jarriko da Geltoki Intermodalaren inguruan, Indautxu plazan, Plaza Biribilean eta Uribitarte pasealekuan.

Jaietan, hirian zehar banatutako pantailen bidez sustatuko da kanpaina, kontzertuen agertokietan eta turismo-bulegoetan, garraiobideetan, eta Bilbobusen eta MetroBilbaoren geltokietan. Gainera, kanpaina konpartsen txosnetan, dendetan, jatetxeetan eta hoteletan erabiltzeko gonbita egingo da.

Era berean, Udalak publizitatea egingo du komunikabideetan, hedabide sozialetan eta sare sozialen kontuetan, herritarrak animatzeko irudiak beren profiletan partekatzera, era guztietako erasoen aurrean gaitzespen bateratua erakusteko.  

Webgunean informazio guztia eta Udal Estrategia osatzen duten elementu guztiak argitaratuko dira.

Udalaren baliabideak erasoen kontra

Udalak, abuztuaren 17an (larunbata), Udal Estrategia hau aktibatuko du. Bertan, Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Inmigrazio Sailaz eta Jaien Sailaz gain, Udaltzaingoa eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua (GLUZ) arituko dira.

Bilboko Udalak arreta-zerbitzua eskaintzen die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bidez. Aste Nagusian erasorik gertatuz gero, udalak laguntza psikologiko eta juridikoko zerbitzua dauka erasotako emakumearentzat eta senideentzat.

Gorroto-erasoei, eraso arrazistei eta eraso LGTBIQfobikoei dagokienez, hala behar duten pertsonek, biktima izan direnek edo lekuko izan direnek 24 orduko Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua izango dute bederatzi jai-egunetan, talde espezializatuekin. Zerbitzua jasotzeko bidea GLUZ edo Udaltzaingoa ere izan daitezke.

2022tik, Udalak "Puntu moreak" izenekoak zabaltzen ditu kontzertu-espazioetan: Abandoibarra eta Europa parkea, Plaza Barria, Casilda Iturrizar parkeko pergola eta Plaza Biribila.Eraso sexistei buruzko eta gorroto, arrazakeria eta LGTBIQ+fobia izaerako erasoei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona talde bat da. Arreta eta laguntza eskainiko dizkie behar duten pertsonei.

Nola jokatu? Protokoloak eta gida

Aste Nagusiaren edizio honetan, Udalak hiru aholkularitza- eta jarduketa-protokolo argitaratu ditu gertakari matxisten, arrazisten eta LGTBIQ+fobikoen aurrean.

Dokumentu horietan, prozedura argi eta egituratu bat jasotzen da, indarkeria matxistarekin, arrazakeriarekin edo LGTBIQ+fobiarekin lotutako edozein gertakari jasaten duten pertsonei arreta emateko.  Biktima erdian jartzen da, eta arreta eta orientaziorik onena ematen zaiola ziurtatzen da, erantzun egokia eta proportzionatua emanez ekintza horrek biktimarengan eta bizikidetza komunitarioan izan dituen ondorioei.

Era berean, informazio baliotsua da era horretako egitateen lekuko izan den edozein pertsonak jakin dezan nola jokatu eta lagundu. Bilboko Aste Nagusian Bilbon bizi diren edo hiria bisitatzen duten ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, hiru protokolo horiek zortzi hizkuntzatan egongo dira eskuragarri: euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errumanieraz eta portugesez. 

Gainera, aurreko edizioetan bezala, Udalak eta Bilboko Konpartsek, jaiei lotutako entitateekin batera, Aste Nagusian eraso matxistak, arrazista eta LGTBIQfobikoak gertatzen direnerako aholkularitza- eta jarduketa-protokoloa berritu dute.

Aste Nagusiaren edizio honetarako eguneratutako beste material bat, horrelako egoerak identifikatzeko eta haien aurrean nola jokatu behar den jakiteko sortua, eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen aurkako informazio-gida da, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. Dokumentu horretan, gisa horretako erasoak zer diren azaltzen da, eta halakoak prebenitzeko eta aurre egiteko gomendioak jasotzen dira. 

Material horiek (protokoloak eta gida) bertsio digitalean eskuragarri egongo dira, gailu mugikorretarako deskargatzeko moduan, "Bilboko 2024ko Aste Nagusia" aplikazio ofizialean. Modu berean, udalaren webgunean argitaratuko dira.

Gizarte-eragileentzako prestakuntza

Bilboko Udalak garatutako Erasoen aurkako Estrategia berriak prebentzioaren eta komunitate-lanaren aldeko apustuari erantzuten dio.  Uztailean eta abuztuan, hainbat prestakuntza- eta informazio-saio egin dira Bizkaiko hiriburuan lan egiten duten hogei elkarte eta entitate baino gehiagorekin, merkatarien elkarteekin, ostalaritza-lokalekin, hotelekin, feriariekin, segurtasun- eta garbiketa-zerbitzuekin, garraiolariekin, festarekin zerikusia duten eragileekin (hala nola Konpartsak), eta beste entitate eta elkarte sozial batzuekin.

"Indarkeria matxistaren aurrean, sexu-orientazio eta genero-identitatearen aurkako erasoen aurrean, eta gorrotozko eta arrazakeriazko erasoen aurrean jarduteko beharrezkoak diren jakintza helarazi zaie. Horrela, esku-hartze komunitario honen bidez, jarraibideak ematen ditugu indarkeria matxista eta gorroto-erasoak detektatzeko, baliabideei buruzko informazioa emateko, erantzunkidetasuna sustatzeko eta funtsezko gizarte-eragileen sare bat ehuntzeko", zehaztu du Kontxi Claverrek. Ildo horretan, gaineratu duenez, "prestakuntzak eragin biderkatzailea du, eta, zalantzarik gabe, onuragarria da herritarrentzat eta Bilbo hiri konprometitua eta erasorik gabea bihurtzeko".

Eranskailuak biktimei laguntzeko telefonoekin

Eranskailu batzuk diseinatu dira, telefono mugikorraren atzealdean eta komun publikoetan jartzeko, arreta behar izanez gero edo erasoak salatu behar izanez gero erabilgarri dauden telefono-zenbakiak erraz eta azkar ikusteko:

  • Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112.
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60
  • Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioa Saila: 94 420 48 38
  • Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzua, sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat: 900 840 977

EraStop

Jaietan erasoak saihesteko tresna osagarri eta ezagun bat da EraStop aplikazioa. Hiru funtzio ditu: 

  • Udaltzaingora seinale bat bidaltzea berehala, eraso bat jasaten ari garenean edo eraso bat jasateko mehatxua hurbil sentitzen dugunean.
  • Eraso baten lekuko bagara, alarma bat bidaltzea.
  • Gure agendako kontaktu bati ibilbide batean zehar modu birtualean eta denbora errealean lagun egiteko eskatzea.