Uriko auzoetako ongizate akustikoa hobetzea izango da Bilboko Udalaren hurrengo helburua. Horretarako martxan jarri berri du 'Bilboko Doinuak' izeneko proiektu aitzindaria, San Ignazio auzoan garatu dena.
Horren xedea da jendea jabetzea eguneroko bizimoduan zein garrantzitsuak diren inguratzen gaituzten soinuak; proiektu horretan, alderdi teknikoa ez ezik, emozioen arloa ere landu da, betiere ingurune akustiko orekatua eta osasuntsua lortze aldera.
Bilboko soinu-ingurune urbanoa kudeatzeko estrategia berritzaileak
"Bilboko Doinuak" proiektuaren helburua soinuen eta zaraten intentsitatearen analisi tradizionaletatik harago joatea da, soinu-ingurunearen pertzepzio sozialaren dimentsioa sartuz. Ikuspegi berritzaile horri esker, identifikatu dira batetik, soinu gogaikarriak, arindu beharrekoak, eta bestetik, soinu positiboak, komunitatearen ongizatean laguntzen dutenak eta indartu behar direnak.
"Inguratzen gaituzten soinuak funtsezko elementuak dira gure oreka pertsonalean eta kolektiboan. Proiektu honek aukera ematen digu ulertzeko soinu-inguruneak nola eragiten duen gure bizitzetan eta nola hobetu dezakegun gure bizi-kalitatea ingurune akustiko atseginago bat izanda" adierazi du Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.
Herritarren parte-hartzea eta azterketa teknikoa: bizi-kalitatea hobetzeko gakoak
Proiektua San Ignazio auzoan txertatu da parte-hartze bidezko prozesu baten bidez eta bertan, komunitateak auzoko soinuak identifikatu eta baloratu ditu. Auzo-elkarteek, ikastetxeek eta tokiko beste eragile batzuek osatutako talde eragile baten lankidetzari esker, diagnostiko teknikoa eta parte-hartzailea egin da. Diagnostiko horri esker, hobeto ulertu ahal izan dira auzoko soinuak, era guztietakoak, eta soinu horiek biztanleengan sortzen dituzten emozioak.
"Otsailetik ekainera bitartean, lan handia egin zen talde eragilearekin (El Canal auzo-elkartea, Jai Batzordea, Madre de Dios ikastetxea, EHU, auzokideak eta barrutiko kontseilariak). Gainera, online plataforma erabili zen parte-hartze digital publikoa errazteko", azaldu du Abetek.
Honako jarduera hauek egin ziren:
- Leku esanguratsuak, soinu motak eta emozioak identifikatzea: auzoko soinu esanguratsuak eta horiek sortzen dituzten emozioak mapatu ziren.
- Talde eragilea sortzea: tokiko eragileen eta adituen diziplinarteko talde bat.
- Parte-hartze digital publikoa: online inkesta eta foroen bidez, bizilagunen pertzepzioak jasotzeko.
- Soinuzko eta ikusizko erregistroak: auzoko soinuen eta eszenen dokumentazioa.
- Diagnostikoaren paseo urbanoa: ibilbide gidatuak auzoan zehar, soinu-ingurunearen funtsezko puntuak identifikatzeko.
- Proposamenak aztertzeko eta eztabaidatzeko bilerak: parte-hartze bidezko saioak, hobekuntza-proposamenak eztabaidatzeko eta fintzeko.
"Jarduera horiei esker, bizilagunek beren soinu-ingurunea nola hautematen duten eta zer aldaketa ikusi nahi dituzten jakiteko informazio baliotsua bildu ahal izan dugu" gaineratu du Abetek. "Proiektu pilotu honek San Ignazion izan duen arrakastak ibilbide-orri argia ematen digu ekimen horiek Bilboko beste auzo batzuetara hedatzeko. Herritar guztiek beren ongizate pertsonala eta kolektiboa sustatuko duen soinu-inguruneaz gozatu ahal izatea nahi dugu".
Soinu positiboak eta horiek herritarren bizi-kalitatean duten eragina
Proiektuaren alderdi nabarmenetako bat da pertsonen ongizatean laguntzen duten soinu positiboak identifikatzea. Txorien kantua, haurren barreak eta Itsasadarreko jarduerak, esaterako, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen duten elementu gisa identifikatu dira. Soinu horiek giro atsegina sortzeaz gain, estresa murriztu dezakete eta komunitate- eta kidetasun-sentsazioa sustatu.
"Soinu positiboak identifikatzea eta sustatzea funtsezkoa da ongizate urbanorako. Soinu horiek oreka- eta harmonia-elementu gisa jarduten dute, eta herritarren osasun mental eta emozional hobea lortzen laguntzen dute" azaldu zuen Abetek.
Soinu positibo horien onuren artean daude hauek:
- Estresa murriztea: soinu naturalek eta atseginek estres- eta antsietate-mailak gutxitu ditzakete.
- Osasun mentala hobetzea: soinu-ingurune positiboak gogo-aldartea hobetu dezake, eta buruko nahasmenduen eragina murriztu.
- Komunitatearen sustapena: haurren barreek eta komunitatearen jardueren soinuek, esaterako, gizarte-loturak indartu ditzakete eta kidetasun sentipena sortu.
- Bizi-kalitatea hobetzea: ingurune akustiko orekatu eta atsegin batek bizi-kalitate eta ongizate handiagoaren pertzepzio orokorrean laguntzen du.
Ondorioak eta hurrengo urratsak
"Bilboko Doinuak" proiektuari esker, hainbat gomendio tekniko eta partaidetu egin ahal izan dira, soinu atseginak mantentzeko eta indartzeko, bai eta gogaikarriak direnak murrizteko ere. Gomendio horien artean, kaleetan natura gehiago izatea, espazio publiko estali eta landaredunak gehitzea eta trafiko-zarata murriztea sartzen dira.
"'Bilboko Doinuak' proiektuan agerian geratu da nola teknikarien eta herritarren arteko lankidetzak hiri-ingurunea hobetzeko irtenbide eraginkor eta jasangarriak sor ditzaketen", ondorioztatu du Abetek.
Bilboko Udalak lanean jarraituko du gomendio horiek txertatzeko eta proiektua beste auzo batzuetara hedatzeko, bilbotar guztien bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsiz. Horrelako ekimenen bidez, esan daiteke Bilbo hiri berritzailea eta herritarren ongizatearekin konpromisoa duena dela, eta erakusten du soinu-ingurune positiboa funtsezkoa dela bizitza urbano osasungarri eta harmoniatsua izateko.