Bilboko Udalak 468.750 euroko aurrekontua bideratuko du, Nex Generation Suspertze Planaren europar funtsen laguntzarekin, Deustuko kiroldegiko kanpoko zurajea aldatzeko. Bertan, kaltetutako kanpoko egurra material iraunkorragoengatik aldatuko da. Lanak aste honetan hasi dira.
Eraberritzeak eragindako azalera eraikin osoarena da, baina, obraren iraupena eta gauzapena kiroldegiaren jarduerarekin bateragarri egite aldera, bi eremu landuko dira: eraikin osoa, fatxadak igerilekuaren bolumenetik kanpo utzita, eta igerilekuak hartzen duen eremua, eraikinaren lehen solairuaren parean.
Obren lehen fasean, burdin hesi, pertsiana, sareta eta kanpoko zuraje guztiak desmuntatuko dira eta eraikineko eskailera nagusiko eskailera-buruetan dauden baoetako pabes-beirazko fabrika eraitsiko da.
Ondoren, aluminio anonizatuzko zuraje berria jarriko da. Hartara, Botikazarreko fatxadako zuraje-buruetan zurezko profilak jarriko dira, aluminio anodizatuzko errezel-horma duen fatxada arina instalatuko da, eta Botikazarreko fatxadako errezel-horma berriaren barruko panelatua berreraikiko da.
Obrak udan egingo dira, erabiltzaile gutxiago daudenean. Obren ondorioz, Deustuko kiroldegiko igerilekua uztailean eta abuztuan itxiko da. Gainerako kirol-zerbitzu eta -jarduerak normaltasunez egingo dira, instalazioa hobetzeko obrekin batera.
Berrikuntza-obra jasangarria
Udalak 2030 Agendaren inguruan duen estrategiarekin eta Bilbao Kirolak-en estrategia jasangarriarekin lerrokatuta, Deustuko kiroldegiko kanpoko zurajea ordeztea plan handiago baten barruan kokatzen da, zeinak aurrezpen energetikoa hobetzea ekarriko duen. Plan horren bidez, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa % 54,3 murriztea eta eraikinaren B motako kalifikazio energetikoa lortzea aurreikusten da