Aurrera darrai Bilboko Udala urian euskararen erabilera sustatzeko erronkarekin. Oraingo honetan, Euskaraz Barra-Barra izeneko kanpaina abiaraziko du, gure hizkuntza Bilboko saltokietan eta ostalaritzan erabiltzeko.

Kanpaina hori ikusgarriagoa izango da gaurtik aurrera, uri osoan zehar identifikatzaile espezifikoak jarriko baitira erakusleiho, pantaila, mupi, publizitate eta abarretan. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko zenbait udalerritan batera garatzen ari den ekimena da, eta sektore bietan euskararen erabilera areagotzea du helburu.

Langileen % 33,3 edo gehiago euskaldunak dituzten eta une oro euskara ulertzen duen langile bat gutxienez ere baduten merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduak dira kanpainara deitutakoak; Bilbon, guztira, 321 daude atxikita.

Euskaraz Barra-Barra kontsumitzailea erdigunean jartzeko eta hizkuntza-estresa murrizteko xedez sortu da: euskara beti eta leku guztietan erabil daiteke. Marka bateratu horren helburua da bezero euskaldunei establezimenduetan euskaraz komunikatzeko aukera transmititzea, eta Euskaraz Barra-Barra bereizgarria izango dute bezeroari bermatzeko establezimenduko langileek euskara ulertzen dutela.

Horretarako, baldintzak betetzen dituzten merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduak identifikatu ditu Udalak, eta kanpainari lotutako identifikazio-materiala eman die. Hortik aurrera, bilbotarrek ematen diote proiektuari zentzua eta bizitza.

Kanpaina Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskararen Institutuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak koordinatzen dute. Halaber, koordinazio-mahaiaz gain, Euskadiko erakunde publiko eta pribatu ugarik, euskararen tokiko batzordeek eta hainbat boluntariok eta erakundek (besteak beste, Bilboko Udalak) osatzen dute proiektuaren antolaketa.

Kanpaina Bilboko Udalaren beste ekintza bat da eremu sozioekonomikoan, urteak baitaramatza euskararen normalizazioa bultzatzen merkataritzan eta ostalaritzan, Biribilko programaren barruan. Programa horren baitan, zerbitzua euskaraz ere ematen zuten establezimenduak identifikatzeko lan egin zen 2019an. Orduan, Euskararen Txanda izeneko ekimenaren barruan egin zen.

Biribilko programak, establezimenduak identifikatzeaz gain, jarduera gehiago ere hartzen ditu barnean, hala nola merkatari eta ostalarientzako euskara-ikastaroak eta beste hizkuntza-baliabide batzuk, esate baterako sektoreko hiztegiak, euskarazko errotuluen ereduak, online itzultzaile automatikoak eta abar.