Datorren larunbatean, uztailaren 13an, Euskotren Ligako emakumezko arraunlariek eta Eusko Label Ligako gizonezko arraunlariek erlojuaren kontra jokatuko dute Bilboko Bandera lortzeko. Estropada arratsaldeko 17:20an hasiko da. Gaur goizean, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol saileko zinegotzi Itxaso Errotetak eta ACT-TKEko presidente Borja Rodrigok lehiaketaren xehetasun guztiak eman dituzte aurkezpenean.

Guggenheim museoa, Zubizuri pasabidea, Salbe zubia... mailarik altueneko estropaden lekuko izango dira zapatu honetan. Euskotren Liga eta Eusko Label Liga Bizkaiko hiriburura iritsiko dira eta Bilboko itsasadarraren bi ertzak kolorez beteko dituzte. Erlojuaren kontrako estropada, teknikoa eta exijentzia handikoa, arraunzaleei ikuskizun aparta eskainiko diena.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak goi-mailako kirol-jarduera honen garrantzia azpimarratu du, ikusmin handia sortzen baitu eta zale asko biltzen baititu. Kirolak eta ikuskizunak batuko gaitu itsasadarraren inguruan, kultura eta tradizio euskaldunei lotutako sustraietara itzuliz; arrauna, hain zuzen ere, erreferente handia da horretan, zalantzarik gabe. Jendea animatu nahi dut Bilboko Banderaren inguruan sortzen den jaigiroarekin bat egitera eta festa horretan parte hartzera.

Borja Rodrigok, TKEko presidenteak, azpimarratu du hitzordua gorriz markatuta dagoela Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren egutegian. "Aurtengoa Bilboko Banderaren hamabosgarren edizioa da, Bilbok eskaintzen duen estropadak ez baitauka parekorik. Erlojuaren kontra egiten den bakarra da egutegian eta gainera, ibilbidea urbanoa denez, arraunlariak uriko eraikin esanguratsuenen ondotik igarotzen dira. Gainera, exigentzia handiko estropada da, teknikoa, ikuskizun handia eskaintzen duena".

Sailkapenaren alderantzizko ordenaren araberako txandak

Txanden konfigurazioa eta irteera-ordena sailkapenaren alderantzizko ordenaren araberakoa izango da. Hori dela eta, emakumezkoen lehiaketan, hau izango da irteera ordena: Tiran Pereira SDa; Hibaika Jamones Ancin; CR Cabo da Cruz eta Hondarribia Bertako Igogailuak. Bigarren txandan, berriz, Donostiarra Nortinadal; Orio Orialki; Tolosaldea Arraun Kluba eta Donostia Arraun Lagunak, Euskotren Ligako liderra.

Gizonen lehiaketan, Bueu-Simei S.M.; San Pedro-Harri; Kaiku Berez Galanta eta CR Cabo da Cruz. Bigarren txandako parte-hartzaileek ordena honetan arituko dira: Lekittarra Elecnor; Ondarroa Kide; Getaria, eta Amenabar Donostiarra. Amaitzeko, azken lau traineruak, ordena honetan: Orio Orialki; Orsa Hondarribia; Zierbena Bahias de Bizkaia, eta, azkenik, Bermeo Urdaibai.