30 jarduera baino gehiago eskainiko ditu Txikiguneak Aste Nagusian
Astelehen honetan goizean Aste Nagusian Casilda Iturrizar parkean kokatuko den Txikigunean garatuko den programazioa aurkeztu dute. Bertan, 0 eta 12 urte bitarteko umeentzako 30 jarduera ludiko baino gehiago eskainiko dira.
Berrikuntzen artean, aurten, parkearen inguruan bi Food Truck eta Bilbaobiziren bi bizikleta geltoki berri jarriko dira, joan-etorriak egiteko modu hori sustatzeko xedez. Gainera, espazioak irisgarritasun eta inklusio neurri berriak indartuko ditu aurten, soinu-alteraziorik gabeko ordutegi tarteekin autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonentzat, eta gune bat egongo da itsutasuna eta ikusmen-urritasun larria duten pertsonen egunerokotasunari buruz sentsibilizatzeko.
Aste Nagusiko Haur Parkearen edizio berriaren programazioaren xehetasun guztiak gaur goizean aurkeztu ditu Itziar Urtasunek, Jaietako zinegotziak, K1-rekin batera, Planeten Eraldaketarako B Agente berriak biltzeaz eta prestatzeaz arduratuko diren pertsonaietako bat. Agente horiek espazioa dinamizatzeaz arduratuko dira jaietan, eta abuztuaren 18tik abuztuaren 25era, familientzako eta adin desberdinetako haurrentzako hainbat jarduera bilduko dituzte.
Horien artean, iazko edizioaren arrakastaren ondoren, “Bilbo, zentzumen guztien hiria” jarduera sentsoriala itzuliko da. Instalazio horrek bost zentzumenak lantzeko jarduerak proposatuko ditu, Bilbo kulturarteko hiri anitzaz jabetzeko. Horrela, ordubete eta hamar minutuko ibilbide antzeztua proposatzen du, non saio bakoitzean gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango duten, egunean zehar zortzi emanaldi eginez (lau goizez eta lau arratsaldez).
Ibilbide horretan zehar, familiek aukera izango dute braille alfabetoa eta alfabeto daktilologikoa lantzeko, Bizkaiko hiriburuan hitz egiten diren hizkuntza batzuk identifikatzeko, munduko hainbat tokitako ehunak ukituz esperimentatzeko eta curryari buruzko sekretu guztiak ezagutzeko, besteak beste. Hori guztia, GJHak landuz eta identifikatuz.
Txikiguneak txikienei proposatuko dizkien gainerako jardueren protagonista garapen jasangarria izango da. Txikiguneak esperientzia ludikoak eta alderdi pedagogikoak uztartuko ditu hainbat proposamenetan: ur-puzgarriak, ohe elastikoak, ludoteka, arrantza, bola-igerilekua, makillaje-tailerrak, birziklapena eta irratia… Horrela, umeek jaiez gozatu ahal izango dute, eta, aldi berean, Bilbok konpromiso sendoa duen balioei buruz hausnartu eta barneratu egingo dute.
Planetaren defentsaren eta kulturartekotasunaren eragileak
Txikigunea Casilda Iturrizar parkean, Pergolan eta Ahateen urmaelean dago, eta abuztuaren 18etik (igandea) 25era (igandea) bitartean irekiko dute, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara, adinaren arabera diseinatutako hogeita hamar jarduera baino gehiagorekin.
Horrela, 0 eta 3 urte bitartekoentzat, zentzumenen estimulaziotarako pentsatutako hainbat espazio egongo dira, hala nola Txiki Laboratory, soinu, kolore eta jolas berriak deskubritzeko; Oxizeanoa, non zaborra “arrantzatu” ahal izango duten Itsaso, ibai eta ozeanoak garbi uzteko; eta Botxo-Mari, Aita Mari itsasontziaren lanean inspiratutako espazioa, aliantzak eta elkartasuna lantzera gonbidatzen duena, txalupatxoak ur gainean eramateko, elkar ukitu eta talka egin gabe. Besteak beste, Experiteka psikomotrizitate zirkuitu erraldoia eta Plankt-On bola-igerilekua ere egongo dira. Jarduera horien bidez, modu ludiko eta dibertigarrian, haurrek hainbat balio landuko dituzte, hala nola berdintasuna, parte-hartzea, bizikidetza edo klimaren eta itsaspeko bizitzaren defentsa.
GJHen garrantzia 3 eta 12 urte bitartekoentzako jardueretan ere izango da kontuan. Izan ere, puzgarriak eta urteko arrapalak, zurezko elkarlaneko jolasak, ohe elastikoak eta eraikuntza jolasak bezalako proposamenen bidez, itsaspeko bizitza eta lurreko ekosistemak babestearen garrantzia, osasuna eta ongizatea, eta berdintasuna bezalako balioak ere landuko dira.
Proposamenak adin guztientzako espazioekin osatuko dira, bestak beste, honako jarduera motekin: makillaje tailerrak, irratia, ipuin kontalariak, eraikuntza-jolasak imanekin eta photocall bat.
Horrekin guztiarekin, Txikigunea “Planetaren Salbamendu Zentro Unibertsala” bihurtuko da berriro, eta B-Agentzia eskolan parte hartzeko eta “Botxotarrak” eta “B-Agenteak” akreditazioa jasotzeko aukera eskainiko du, planetaren eta kulturartekotasunaren defendatzaile bihurtzeko. Bost irakaslek hautagai guztiak prestatuko dituzte 2030 Agendaren bost eremu garrantzitsuenetan: Pertsonak, Planeta, Bakea, Oparotasuna eta Aliantzak.
Halaber, Gargantua eta Marijaia Txikigunean egongo dira, egun batzuetan parkea bisitatuko dute, eta egunero egongo da Marijaia Txiki bertsioan, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako eskala txiki berezian.
Kale antzerkia familientzako
Gainera, Casilda Iturrizar parkeko Pergola umeentzako kaleko antzerkirik onenaren agertoki bihurtuko da arratsaldero, 19:30etik aurrera. Egunero, abuztuaren 18tik, igandea, abuztuaren 25era, igandea, adingabeek antzerki ikuskizun batez gozatzeko aukera izango dute konpainia onenen eskutik, eta “Micro” eta “Fono” izango dira anfitrioiak, dena aurreikusitakoaren arabera joan dadin.
Astean zehar, eszenatokira igotzen joango dira Zirikia Zirkus, “Augusta robusta Pirata”; Compagnie Émergente “Déséquilibre passager”; Tiritirantes, “Bazen behin…”; Hortzmuga Teatro, “Agurea, urpekaria eta itsasoa”; Maleta Company & Compagnie Balancetoi “Claudette”; Cirque Filyfolia “Retour à la terre”; Akelar, “Saloon”, eta Okidok, “In Petto”.
Zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da igandeko, hilak 18, asteleheneko, hilak 19, astearteko, hilak 20, eta larunbateko, hilak 24, emanaldietan; gainerako saioetan berriz, testu gutxi egongo da.
Makusi gunea
Aste Nagusian zehar, Txikigunean ikusgai egongo da EiTBk ume eta gazteei zuzendutako euskarazko lehen ekosistema digitala, MAKUSI, euskarazko doako entretenimendu-unibertso handia dena.
Espazioak hainbat jarduera hartuko ditu, hala nola, Irabazi Arteren jarraitzaileek golerako trebetasunak praktikan jartzeko atezaindegi puzgarri bat. Era berean, familia inguru bat ere izango du, ondo pasatzeko eta Makusi egurrezko jokoekin esperimentatzeko.
Haur parke iraunkorra
Bere jarduera guztietan, eta betidanik, Txikiguneak kontuan izan du egiten den ingurunearen zaintza, baita bere jardueretan materialak birziklatzeari eta berrerabiltzeari buruzko alderdiak ere. Arlo honetan aurrera egiteko eta iraunkortasunaren arloan neurri berriak eta hobeak ezartzeko ahalegin horren barruan, Aste Nagusiko Haur Parkeak bigarren urtez jarraian Erronka Garbia zigilua lortu du, IHOBEren ekitaldi jasangarriaren ziurtagiria.
Gainera, aurten parkean bi bizikleta geltoki berri gehituko dira, desplazamendu modu horren erabilera sustatzeko, eta uraren eta elektrizitatearen neurgailuak jarriko dira, baliabide horien erabilera arduratsua egin ahal izateko.
Irisgarritasun-neurriak
Pertsona guztien irisgarritasuna eta gozamena bermatzeko konpromisoaren barruan, edizio honetan Txikiguneak soinu-alteraziorik gabeko ordu tarteak izango ditu autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonentzat. Abuztuaren 20an, asteartea, 16:30etik 20:00etara, eta abuztuaren 21ean, asteazkena, 11:00etatik 14:00era.
Gainera, abuztuaren 20an, asteartea, egun osoan zehar eta ONCE Fundazioaren laguntzarekin, publikoa “Bilbo, zentzumen guztien hiria”-ren ondoan dagoen gune batera hurbildu ahal izango da, itsutasuna eta ikusmen-urritasun larria duten pertsonak beren egunerokoan nola moldatzen diren lehen pertsonan bizitzeko. Bertan, beren larruan jarri ahal izango dira, antifazak erabiliz, eta hainbat jardueretan haiekin parte hartu ahal izango dute.
Jarduerak:
- Mugikortasun zirkuitua: ibilbide kontrolatu bat planteatuko da, eta erabiltzaileek antifaz eta makila zuriaren laguntzarekin egingo dute.
- Jolas gunea: hainbat egokitutako jolasak osatzen duten gune bat planteatuko da, horietan itsuek egiten duten bezala moldatzeko.
- Kirola: kirol material egokitua erakutsiko da, eta kirolari itsuen eskutik, ikusmen-urritasunari egokitutako kirola eta kirol-praktika nolakoak diren azalduko da.
- Prestakuntza, hezkuntza, komunikazioa: braille eta material tifloteknikoei eskainitako espazio bat egongo da, itsuei informaziorako eta komunikaziorako sarbidea errazten dietenak.
Helburua pertsona guztiak ikusmen desgaitasunaren arloan kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta normalizatzea da.
Txu txu trena
Aurten ere, Txu Txu Trena martxan egongo da, doako anezka zerbitzua, pertsona guztiak udaletxeko eraikin nagusiaren albotik Euskadi Plazako geltokira eramateko.
Trena goizeko 11:00etatik 14:30era, eta arratsaldeko 16:30etik 20:00etara ibiliko da. Ibilgailu horiek haur orgatxoak garraiatzeko egokituta egongo dira, eta arrapala bat izango dute mugikortasun urriko pertsonak zuzenean sar daitezen.
Informazio gunea
Aurreko edizioetan bezala, Txikiguneak informazio gune bat izango du, eta bertan 6.000 oihalezko eskumutur banatuko dira segurtasun itxiturarekin. Bakoitzak espazio txiki bat izango du harremanetarako telefono bat adierazteko.