Zorrotzaurren Garabia eraikitzeko bi milioi euro bideratuko ditu Bilboko Udalak
Bilboko Udalak 2.042.274,05 euroko aurrekontua bideratuko du Zorrotzaurren Garabia eraikitzeko lanak egiteko. Dagoeneko lizitaziora aterako ditu obrak berriro, eta obra adjudikatu ondoren, lanek zortzi hilabete irautea aurreikusten da.
Bitartean, ingurune horretako Plan Bereziaren aldaketa amaitu eta hirigintza arloko izapideetan aurrera egiten ari da. Dokumentu hori sektoreko azken txostenak jasotzeko zain dago, behin betiko onespena lortzeko.
Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak eman dituzte gaur goizean etorkizuneko udal-azpiegituraren ezaugarriak eta hiri-plangintzari buruzko xehetasunak. Horiekin batera, Ramón Barea aktore, zuzendari eta Pabellón 6ko sustatzaileak ere parte hartu du.
Bi zinegotziek azaldu dute udalak Pabellón 6rekin duen konpromisoa “argia dela”, bi egoitza dituen udal-antzokia izango baita. Bi egoitzen obrak horrelaxe egingo dira: lehenengo, Garabia eta, ondoren, Pabellón 6. Gainera, ingurua urbanizatzeko lanak egingo dira “bi antzerki-gune berri eta moderno bultzatzeko asmoz eta, era berean, gune horiei proiekzio handiagoa emateko”.
Aurrekariak eta plangintza
Proiektu honen bidez, erakin berri bat eraikiko da, eskuragarri dagoen partzelara egokitutakoa, eta Garabia berria bertan dauden etxebizitzetatik gutxienez bost metrora kokatuko da. Hain zuzen ere, horixe izan zen aurreko agintaldian udalak planteatutako lehen proiektua gauzatzea eragotzi zuen gaietako bat –fatxaden arteko tartearena–.
Udalak 2021aren amaieran ekin zien Garabia birgaitzeko lanei, baina berehala geratu zen agerian ezinezkoa zela, antzokiaren eraikinak ez zuelako inolako zimendurik. Hori dela eta, eraikina eraitsi eta berreraiki egin behar zen.
Prozesu horri ezin zitzaion berehala ekin; izan ere, eraikuntza berri bat izanik, inguruko bizilagunek etorkizuneko fatxadaren eta etxebizitzen artean tarte handiagoa eskatu zuten. Udalak erreklamazioa onetsi zuen. Horregatik, Zorrotzaurreko Plan Bereziaren aldaketa izapidetzean, lerrokadura eta bolumen berriak sartu dira.
Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onetsi zen 2012an. Harrezkero, eremuaren hirigintza-garapenak aurrera egin du, beste hirigintza-dokumentu batzuk izapidetu baitira, bai eta jarduketa-eremuaren faseren bat urbanizatu eta bizitegi-eraikin berriak eraiki ere, batez ere Deustuko Kanalaren eskuineko ibaiertzean.
Hori dela eta, Bilboko Udalak egokitzat jo du Plan Bereziaren testuan aldaketak egitea, zenbait alderdi argitzeko eta HAPO berrian agertzen diren zehaztapenak jasotzeko, hala nola bizikleten eta ibilgailu elektrikoen aparkalekuetarako zuzkidurak eta eraikinetako segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak.
Izapidea jendaurrean jarri da bi aldiz eta gaur egun azken faseetan dago. Ildo horretan, Zorrotzaurreko bizilagunek hainbat alegazio aurkeztu dituzte. Alegazio horietako batzuek berariaz egiten zieten erreferentzia Garabia-ri, eta ez eraikitzea ere planteatzen zen. Zentzu horretan, udalak eutsi egin dio partzelan eraikina berreraikitzearen eta bertan kultura-zentroa jartzearen aldeko apustuari; hala ere, kontuan hartuko da dagoeneko bertan dauden etxebizitzen eta berreraiki behar den antzinako pabiloiaren arteko tarteak handiagoa izan behar duela, eta eraikinaren gehieneko altuera kontrolatuko da (eremurik altuena urrutien dagoena izango da).
Proiektu berria
Etorkizuneko Garabiak 27,50 metroko luzera eta 18,2 metroko zabalera izango ditu. Guztira, 600 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du, eta bi solairu izango ditu:
- Beheko solairuan, 110 eserlekutarako antzerki-aretoa egongo da, bai eta antzeztokia, areto eszenikoa eta txarteldegia ere. Horrez gain, luzetarako patioa eta lehenengo solairura iristeko eskailera izango ditu. Harmailak barneragarriak izango dira eta antzeztokia lurzoru nagusia baino 30 cm gorago egongo da. Gorputz paralelo batean, atxikitako pabiloi gisa, honako hauek egongo dira: zerbitzu-barra eta biltegia dituen edaritegia, komunak (egokitutako bat barne), erabilera anitzeko gela, kamerinoak eta jarduera eszenikoetarako biltegi bat.
- Lehen solairuan kontrol- eta instalazio-gelak egongo dira.
Eraikinerako sarbidea jatorrian sartzen zen leku beretik egingo da. Hala, plaza txiki bat egingo da, etorkizuneko Garabia eta Pabellón 6 espazioen inguruan.
Metalezko egitura nagusi bat, hormigoi armatuzko lauza jarraitua beheko solairuko lurzoruan, xaflazko forjatua lehen solairuan eta plaka albeolarren forjatua estalki lauan dituen eraikin bat proiektatu da.
Materialei dagokienez, barrualdean egurrezko estaldurak erabiltzen dira hormetan eta sabaietan, eta gela guztietan morterozko zoru jarraitua aukeratzen da. Fatxadetan, pinu-egurra kanpoko estaldura gisa erabiltzea erabaki da, aurreko Garabia pabilioiaren irudiari keinu eginez.
Gainera, etorkizunean, epe labur edo ertainean, eraikina Zorrotzaurreko geotermia-sarera konektatzeko aukera aurreikusten da.
Obra, bi fasetan
Garabia eta Pabellón 6 eraikinak antzinako industria-pabiloi batean zeuden, zeina bi nabe paraleloz osatuta baitzegoen. Instalazio horrek hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa jasan ditu urteetan zehar. Orain, finkatzeko behar dituen eraikuntza- eta ekipamendu-berme guztiekin egokituko da, hala nola Zorrotzaurreko ingurunean bultzatuko diren trakzio-elementuak eta kultura-motoreak.
Zehazki, ekipamendu horiek uhartearen hegoaldean daude, Deustuibarraren eta Eugenio Olabarrieta plazaren artean.
Hasierako proiektuan aurreikusten zen moduan, Garabia eta Pabellón 6 eraikinen obrak ondoz ondoko bi fasetan egingo dira, hartara, birgaitze-lanak egiten diren bitartean, ahal den neurrian, kultura-jarduera eteteko beharrik egon ez dadin.
Lehenengo fasean, Garabia osorik eraberrituko da, hau da, Pabellón 6ko Gazte Konpainiaren antzeztokia. Bigarren fasean, aldiz, Pabellón 6 pabiloiaren birmoldaketa egingo da (Garabia baino handiagoa da). Pabellón 6 eraikitzeko proiektua Garabiako obrak egiten diren bitartean egingo da.
Bi eraikinak udalaren titulartasunekoak dira eta udalak mantendu behar ditu. Hala ere, Pabellón 6 Arte Eszenikoen Sortzaile Elkartea eta bere Gazte Konpainia arduratu dira eraikinen kudeaketaz, eta hala izaten jarraituko du.
Temas
Más en Bilbao
-
Bilboko Udalak uda aprobetxatuko du ikastetxeetan hobekuntza lanak egiteko
-
De escapada romántica a pesadilla: una pareja británica lo pierde todo tras un robo en Bilbao
-
El impacto económico de la final de la UEFA en Bilbao multiplica por diez la inversión pública
-
El Ayuntamiento de Bilbao impulsa la autonomía infantil con mejoras en varios centros escolares