Irakurzaletasuna sustatzeko helburua duen 'Udako liburutegiak/Bibliotecas de verano' izeneko programaren edizio berri bat abiaraziko du Bilboko Udalak datorren astelehenean, uztailaren 1ean. Ekimen horri esker, liburuak, aldizkariak eta egunkariak aire librean irakurtzeko aukera izango dute bilbotarrek.
Udal Liburutegien Sarearen eskutik, ekimen hau datorren astelehenean hasiko da eta uztailaren 19ra arte gozatu ahal izango da San Ignazio (Elorrieta parkea), Uribarri (Eskolako Landa) eta Zorrotza (Azoka Plaza) auzoetan. Ondoren, uztailaren 22tik abuztuaren 9ra, udako liburutegiak Errekalde (Plaza), Miribilla (Gernikako Lorategiak) eta Santutxu (Karmelo plaza) auzoetara lekualdatuko dira.
Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da (jaiegunetan izan ezik) 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
Udalak berriro ekingo dio programa honi, udan irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko helburuarekin.
Beren ohiko zerbitzuez gain -kontsulta, liburuen mailegua, CDak, DVDak, hemeroteka, Interneterako sarbidea, eta abar-, Bilboko Udal Liburutegiek, udan, irakurzaletasuna gune horietara bertaratzen direnei hurbilduko diete, honako zerbitzu hauek eskainiz:
- Irakurketa-zerbitzua: eleberriak, haur eta gazteentzako literatura, aisialdiari buruzko liburuak, autolaguntza eta abar jarriko dira jendearen eskura, baita aldizkariak eta prentsa ere.
- Liburuak mailegatzeko zerbitzua: publikoak etxera eraman ahal izango ditu interesatzen zaizkion liburuak, eta bertan itzuli ezarritako epearen barruan. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako txartelik ez dutenek bertan eskatu ahal izango dute.
- Irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak: tailerrak, jolasak eta ipuin kontalariak antolatuko dira haurrentzat.