Aste honetatik irailaren 29ra bitartean ikusgai egongo da Azkuna Zentroko Galeria Mediatekan Ana G. Lartitegui artistaren Tentelontzia. Ipuin-zeharkaldi bat Flandriako pinturarekin harremanean izeneko erakusketa.
Bertan, artista bilbotarrak bere azken libururako -gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz argitaratua izan den La nave de los necios- sortutako akuarela originalak biltzen dira. Aurkezpenean Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak eta Ana G. Lartitegui artistak parte hartu dute.
Ilustrazio-liburua erakusketa bihurtzen duen proiektu honetan, Ana G. Lartiteguik literaturara hurbiltzeko modu berri bat proposatzen du. Zentzu honetan, erakusketako 18 ilustrazioak Errenazimentuko pintura flamenkoaren tradizio satirikoarekin lotzen duen istorio baten kontakizun grafikoa dira, eta haur eta gazteak pintura-maisu handiekin lotzen ditu, hala nola El Bosco, Brueghel Zaharra edo Patinir eta Flandriako beste maisu batzuen obretako eszena satirikoak eta kostunbristak aipatuz, giza ergelkeriaren gehiegikeriak islatu nahian.
Liburuak ergelen hiri batean bizi eta asko aspertzen den “mutil bizkor” baten istorioa kontatzen du. Asperdura hori gainditzeko, erabakitzen du auzokoari txantxa bat egitea. Hortik aurrera, gertaerak kateatu egiten dira bidaia eldarniotsu eta gorabeheratsu bat sortuz eta era askotako pertsonaiak tartean sartuz. Azkenean, modu harrigarri eta ustekabeko batean, gertaeren ardura hasieran sortu zituen pertsonari egokituko zaio.
Gainera, Tentelontzia izenburuko liburua eta proiektu honekin batera doazen ilustrazio batzuk dendAZ egongo dira eskuragarri, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoren espazioa, artistak beren ingurunean ikusgai jartzeko, haien lana sustatzeko eta harreman berriak finkatzeko proiektua.