Itziar Ituño eta Nagore Ugarte izango dira abuztuaren 17tik 25era bitartean ospatuko den Aste Nagusiaren 44. edizioaren Pregoilari eta Txupinera, hurrenez hurren. Bilboko Udalak asteazken honetan eman ditu ezagutzera jaien hurrengo edizioko enbaxadore izango diren emakume bien izenak.

Itziar Ituño Martínez aktorea (Basauri, 1974) Udaleko Jai Batzorde Mistoak aukeratu du Arriaga Antzokiko balkoian Bilboko Aste Nagusiko pregoia irakurtzeko, abuztuaren 17an (larunbata) Aste Nagusiari hasiera emateko. Aktore eta abeslari honek Goenkale telesailean lan egin zuen. Gero, La Casa de Papel saioan ospetsu egin zen Raquel Murillo inspektorea antzeztuz. Telesaila oso arrakastatsua izan zen nazioartean, Netflix-en bidez zabalduta. Antzerkian, zineman eta telebistan beste lan batzuk egin ditu, eta 2022an Intimidad seriea filmatu zuen Bilbon. Bertan, alkate izateko borrokan ari den bitartean eduki sexualeko bideo baten zabalkuntzari aurre egin behar dion politikari batena egin zuen.

Ituñok honela definitzen du bere burua: "agertoki gainean bere saltsan sartzen den pertsona lotsatia". Katuak maite ditu eta "musikarekin eta dantzatuz eta kantatuz gozatzen du". "Langile-familia batean hazi eta hezi nintzen. Beharbada aktore gisa ezagutzen nauzue, baina gauza gehiago naiz", adierazi du.

Bestalde, Txupinera kargua, Bilboko Konpartsak-ek aukeratua, Nagore Ugarte Ruiz Txinbotarrak konpartsako kidearentzat izango da.   Zorrotzako bilbotarra, lanbidez irakaslea, Ugarte konpartsaren sorreratik bertatik da partaide, txandak eginez, txosna muntatuz, panela margotuz, otorduak prestatuz... Jaietatik, "bazkalostean mahaiaren inguruan luzatzen diren solasaldiak" nabarmentzen ditu. "Harrotasun handia da txinbotxupinera izatea", esan du.