Astelehen honetan goizean, ekainaren 24an, 1977ko maiatzaren 30ean poliziaren indarkeriaren biktima izan zen Francisco Javier Núñez Fernándezen omenezko ekitaldia egin da Albia Lorategiaren plazan. Bertan, Bilboko Udalak plaka bat jarri du.
Matematika irakasle hori 38 urte baino ez zituela hil zen, poliziaren indarkeriaren biktima. Sufrimendu handiko 13 egunen ondoren hil zen Basurtuko Ospitalean, eta atzean utzi zituen alarguna, Carmina, hiru urteko alaba, Inés, eta ulertu ezinezko isiltasuna eta beldurra.
Gaur, uriak omenaldi hunkigarri bat egin nahi izan dio, lore-eskaintza batekin eta Txistularien Udal Bandaren musikarekin batera. Agintariek eta herritarrek senitartekoei hurbiltasuna adierazi diete hiri osoaren izenean egindako ekitaldi solemne batean. Juan Mari Aburto alkatea, udalbatzaren ordezkariekin eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideekin, ekimen sinboliko honen buru izan da. Ekimenaren bidez, indarkeria terroristak hildako pertsona guztien oroitzapena babestu nahi da uriaren historian eta kaleetan.
Hain zuzen ere, plaka Albia Lorategiaren plazan jarri da, Justizia Jauregiaren aurrean, Francisco Javier Núñezen alargunak eta alabak hala eskatuta. Haientzat, leku horrek "justizia" irudikatzen du; hain zuzen ere irakasle honek eskatzen zuena. Horrexegatik hil zuten. Plakaren beheko aldean, "Poliziaren ekintza ilegitimoaren biktima" testuaren azpian, QR kode bat dago, udalaren webgunera eta "Bilboko Memoriaren Mapara" bideratuko gaituena. Bertan, urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertaerak jasotzen dira.
Urte luzez erreparazioa eta aintzatespena bilatu ondoren, ume hark (Inés Núñez de la Parte, gaur egun abokatua eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kide oso aktiboa) egindako lanari esker, Francisco Javier mapa honen eta bilbotarren bizitzaren parte da.
Francisco Javier Núñez Fernándezen istorioa
Bilbotar honek, 1977ko maiatzaren 15ean, bere alabarekin paseoan ari zela, amnistiaren aldeko manifestazio bat topatu zuen. Polizia armatua manifestazioa desegiten ari zen, eta gogor kolpatu zuten bera Egia Jeneralaren kalean, etxeko atariaren ondoan, bere hiru urteko alabaren aurrean. Adierazi zuen salaketa bat jarriko zuela Justizia Jauregian, pairatutako kolpeak salatzeko. Bi egun geroago, furgoneta batera igoarazi zuten. Tratu txarrak eman zizkioten, umiliatu zuten, eta litro bat koñak eta litro bat errizino-olio edanarazi zizkioten. Gero, etxe ingurura eraman zuten eta lurrean utzi zuten, oso larriki zaurituta.
Gertatutakoaren albistea zehatz-mehatz azaldu zuen El Pais egunkariak. Poliziaren Bilboko Buruzagitzako idazkari nagusiak dena ukatu zuen. Halere, Fariñas doktoreak (Bilboko ospitale zibileko medikuak), biktimari gaixotasunean eta heriotzan arreta eman zionak, jakitera eman zuen ospitalera eraman zutenean kolpeak zeuzkala bizkarrean eta ipurmasailetan. Hil eta gutxira, polizia bat familiaren etxean agertu zen, isilik egotearen truke alargunari dirua eskaintzeko. Hitz eginez gero bera eta alaba hilko zituztela mehatxatu zion. Emazteak dirua errefusatu zuen.
2000. urtean, alabak, Inés Núñez de Partek, eskaera-orri bat eskatu zuen Bizkaiko Gobernu Zibilean, 1999ko terrorismoaren biktimen legearen babesa eskatzeko. Egun horretako arratsaldean, berak eta haren amak heriotza-mehatxuak jaso zituzten telefonoz.
2012an, Eusko Jaurlaritzak Francisco Javier Nuñez biktima gisa aintzatetsi zuen, polizia-abusuen biktimei erreparazioa emateko dekretua onartu ondoren sortu zen balorazio-batzordearen bidez.
2021ean, 45 urte geroago, Inés alabaren ekimen adoretsuari esker, Espainiako Gobernuak onartu zuen poliziak Francisco Javier Núñez hil zuela, eta familiari enpatia erakutsi zion.
Bilboko Memoriaren Mapa
Francisco Javier Núñez Fernándezen plaka Bilbon terrorismoaren biktimen oroimenez jartzen den bosgarrena da. Lehenengoa 2022ko azaroan jarri zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroimenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan.
Bigarrena 2023ko irailean ipini zen, José María Urquizu Goyoganaren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, haren familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela. Plaka hori, familiak berak hala nahi zuelako, Casilda Iturrizar parkean dago. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua.
Hirugarrena aurtengo martxoan jarri zen, Kale Nagusiko 1ean, Plaza Biribilaren ondoan, Banco de Vizcaya-ren egoitza zegoen lekuan, han baitzuen lantokia Benicio Alonso Gómezek. ETAk 1983ko otsailaren 5ean hil zuen, bonba bidez.
Apirilaren 30ean, Botikazar parkean plaka bat jarri zen Fermín Monasterio Pérez taxi-gidari bilbotarraren oroimenez. ETAko kide batek tiroz hil zuen 1969ko apirilaren 9an. ETAren lehenbiziko biktima zibila izan zen, beraz.
Sinbolo horiekin "Bilboko Memoriaren Mapa" osatzen ari da. Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena da, biktima horien oroitzapenari eusteko eta urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiei erreferentzia geografikoa emateko, eta, ahanzturatik ateratzeko, eraildako pertsonen istorioak erreskatatzeko, herritarrengana iritsi daitezen. Horretarako, plaka guztien beheko aldean QR kode bat dago, udalaren webgunera (www.bilbao.eus) bideratzen duena. Bertan, Memoriaren Mapa hau dago, atal berezi batean.
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa. Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.
Enpatiaren, elkartasunaren, erantzukizunaren, konpromisoaren, tolerantziaren eta aniztasunarekiko errespetuaren balioetan oinarrituta, Bilboko Topaguneak honako konpromiso hauek ere hartu ditu: “biktimak aintzatestea, elkarrizketa ahalbidetzea bai biktimekin bai euren artean, adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak aintzatesten eta babesten dituen lege-esparru bat garatzen jarraitzeko".