Aurreko astean Aste Nagusiko irudia izango den kartela ezagutzeko lehiaketaren sei finalistak ezagutzera eman baziren, astelehen honetan ireki egin da sei kartel horien artean irabazlea aukeratzeko epea. 'Marijaia eta gehiago', 'Jaietara atera! / ¡Sal a las fiestas!', 'Síntesis', 'Azul agosto', 'Labios' eta 'GORA MARIJAIA' dira aurtengo finalistak.
Epaia ekainaren 25ean, asteartean, jakinaraziko da. Horrela, kartela aukeratzea izango da Bilboko Aste Nagusiaren lehen mugarria. Gero eta gertuago daude jaiak, aurten abuztuaren 17tik 25era ospatuko baitira.
Hautaketan, epaimahaiak kontuan hartu ditu bai gauzatzearen kalitate teknikoa, bai gaien originaltasuna eta aniztasuna, bai generoaren eta sexu-orientazioaren irudikapenaren aniztasuna, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala eta abar, rolak eta estereotipoak saihestuz.
Berrikuntza gisa, aurten, kartela egiteko Adimen Artifizialeko (IA) sistemen erabilerari buruzko ohar bat jaso dute oinarriek: "irudiaren egileak Adimen Artifizialean oinarritutako sorkuntza-tresnen erabileraren berri eman beharko du, kartela formalizatzean duen esku-hartzearen maila zehaztuz eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen direla bermatuz." Halaber, adierazi dutenez, "balorazioari dagokionez, giza esku-hartzea Adimen Artifizialaren (IA) erabileraren gainetik egongo da".
Botoa emateko epeak eta sistema
Orain, sei kartel finalisten artean herritarrek kartel irabazlea hautatzen parte hartu ahal izango dute, ekainaren 17tik 23ra arte, BOZKETA SISTEMA MISTO batean:
Aurrez aurreko bozketa Abandoko Barrutiko Udal Zentroan (Barrainkua kalea 5). Bertan egongo dira ikusgai kartel finalistak eta 08:30etik 21:30era parte hartu ahal izango da, astelehenetik ostiralera. Botoa emateko, pertsonek egiaztagiriren bat aurkeztu beharko dute, hala nola NANa, gidabaimena edo antzekoa.
Online bozketa, Bilboko Udalaren web orriaren bidez.
Bestalde, epaimahaia berriro bilduko da bere lanik gustukoena aukeratzeko.
Aurreko edizioetan bezala, herri-bozketa erabakiaren balioaren %66 izango da, eta gainerako %33a epaimahaiari egokituko zaio.
Kartel irabazlea hiru bozketa horietatik puntuaziorik handiena lortzen duena izango da, eta 3.000 euroko saria jasoko du eskudirutan, Aste Nagusia 2024 ordezkatzeaz gain.