Ostegun honetan goizean, ekainaren 13an, Bilboko Udaleko Etxebizitza saileko zinegotzi ordezkari eta Udal Etxebizitzen presidente Yolanda Díezek prentsaurreko bat eskaini du, etxebizitzaren egoeraren berri emateko. Zinegotziaren hitzetan, "aurten ere, biztanle askoko udalerrien artean, Bilbo da babestutako udal-etxebizitza gehien dituen hiria, 82 biztanleko bat, eta horrek agerian uzten du baliabide gutxien dituzten pertsonei etxebizitza duin bat eskaintzeko egiten ari den ahalegina".

Iaz 8.691 pertsona bizi ziren Bilboko udal-etxebizitzan, hau da, uriko biztanleriaren % 2,5.  Aurreko urtean baino 95 pertsona gehiago dira. 2023ko abenduaren 31n, udal-etxebizitzen parke publikoan 4.223 etxebizitza zeuden. Horietatik % 97,6 alokairuan emanda zeuden, eta gainerako % 2,4 berriz, alokairurako izapideak egiten edo erreforma-prozesuan.

Etxebizitzen udal-parke osoa kontuan hartuta, 86 zuzkidura-bizitokiak ziren, eta 112 etxebizitza egokituak. Gainera, erakundeak 893 lokal, 366 garaje eta 73 trasteleku ere bazituen. Udalaren higiezinak uriko zortzi barrutietako zazpitan eta hogeita hiru auzotan banatuta daude.

Etxebizitza gehienak Otxarkoaga-Txurdinaga (1.573) eta Ibaiondo (1.002) barrutietan daude. Etxebizitza-parkearen gainerakoak honela banatuta daude: Deustun 487; Errekalden 474; Begoñan 369; Zorrotzan 233 eta Uribarrin 85.

2023an etxebizitza alokatzeko 245 kontratu egin ziren, eta horietatik 91 titulartasun-eskariz egin ziren, batez ere kontratuak berritzeko. Aipatu behar dira, baita, hauek: 54 kontratu, pisu solidarioen programaren barruan; 51 kontratu, lehentasunezko arreta behar duten kolektiboentzat eta 24 kontratu, gerora sortutako gabeziagatik.

Udal-etxebizitza baten esleipendunen artean, % 78,95 kide bateko edo biko bizikidetza-unitateak izan ziren. % 46 35 urtetik beherakoei dagokie eta % 27,65 35 eta 65 urte bitartekoei. Generoaren ikuspegitik, esleipendunen % 44,14 emakumeak dira, eta % 55,86 gizonak.

2023ko abenduaren 31n, 10.910 lagun zeuden erregistratuta, udal etxebizitzen eskatzaile gisa. % 26,41 inguru 35 urtetik beherakoak ziren, eta % 78 baino zertxobait gehiago, aldiz, kide bakarreko edo biko bizikidetza-unitateak.

Bilbon alokairuko etxebizitza publikoa eskatzen duten pertsonen diru-sarrerei dagokienez, gehienek (% 45,89) 9.000-15.000 euro artean jasotzen dute urtean, eta, % 23,46k 15.000-21.000 euro artean.

2023ean, Udal Etxebizitzak erakundeak 14.613.399 euro fakturatu zituen, parke publikoko alokairutan. Errenta finkoaren batez bestekoa hileko 279,85 eurokoa da etxebizitzetarako, eta hileko 215,10 eurokoa, berriz, lokaletarako.

Birgaitzea eta mantentze-lanak

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko Zuzendaritza Batzordeak proiektu berritzaile bat onartu zuen 2023an, Otxarkoagan garatuko dena, Bilboko auzo horretan birgaitzen ari diren eraikinetako etxebizitzen bizigarritasuna hobetzeko. Proiektu aitzindaria izango da urian; hain zuzen ere, etxebizitza txikietako espazioak handitzea da helburua, bertan bizi direnei bizitegi-baldintza hobeak eskaintzeko. Hasiera batean, proiektua 86 etxebizitzatan egingo da (Txotena 12-14-16 eta Irumineta 24-26-28-30). Etxebizitza horietan espazioa handitzea aurreikusten da, terrazak eraikiz.

Orain Otxar proiektuaren testuinguruan, Udal Etxebizitzak erakundeak jarraitzen du bost eraikin birgaitzen, energia-efizientziaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideei jarraituta. Horrek onura ekarriko die auzoko hiru kaletako (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe) 16 ataritako 240 etxebizitzari.

Bestalde, 2023an Torreurizar etxaldeko eta Untzeta Parrokoaren auzuneko (Santutxu) etxebizitza sozialen multzoa birgaitzeko lanei ekin zitzaien, energia-efizientziaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera.

Bi proiektuen kasuan auzo-bulego bat jarri etxebizitza horien inguruan, eta, hara joanda, herritarrek informazioa eta laguntza lor dezakete prozesuari lotutako edozein izapide eta kudeaketa egiteko.

2023ean, 1.696.726 € bideratu ziren etxebizitza eta lokalen udal parkean mantentze-lanak egitera. Zenbateko horretatik, 1.400.000 € etxebizitzetako obretarako izan ziren, eta gainerakoa lokaletan eta konponketetan erabili zuten. Zehatz esateko, 116 berrikuntza-lan egin ziren etxebizitzetan, 18 obra lokaletan, eta 2.408 konponketa-lan.

Zerbitzuaren kalitatea eta jarduketa estrategikoak

2022an administrazio elektronikoa ezartzea funtsezko urratsa izan zen erakunde horrek eskaintzen dituen zerbitzuen digitalizazioan, hala eskatzen duten pertsonei arreta telematikorako eskubidea bermatzeko.

Horiek horrela, 2023an, aurretiko hitzorduarekin artatu ziren 3.754 pertsonetatik 1.902 pertsonak hasi zituzten izapideak, Nafarroa kaleko bulegoetako erregistro elektronikoko sistema berriaren arabera. Bestalde, 2.210 pertsona izan ziren beren izapideak zuzenean egoitza elektronikoaren bidez egitea erabaki zutenak, zerbitzuei buruzko informazioa eskuratzeko, horiek eskatzeko edo izapidetzeko, eta alokairu sozialeko erregimenean merkataritza- edo enpresa-jarduerak garatzeko bizitokien nahiz lokalen alokairua kudeatzeko.

Halaber, Informazio Zerbitzuan 13.633 telefono-kontsultari erantzun zitzaien, ohiko kanalen bidez.

Etxegabetzeetan Arreta emateko Udal Zerbitzuaren datuei dagokienez, 2023an, etxebizitzarekin lotutako ustezko 174 etxegabetze-egoera artatu ziren. Horietako % 87 alokairu-erregimeneko egoerei zegozkien, eta gainerakoak jabetzan eta beste egoera batzuetan. Zerbitzuan artatutako kasuetatik, 67 etxebizitza-espediente hasi dira, gerora sortutako gabeziagatik. Horietatik 23ri esleitu zaie etxebizitza.

Bestalde, Gazte Solidarioaren edizio berriaren ingurunean, 20 pisu esleitu ziren. Guztira, graduondoko 55 ikasle gaztek, gehienak UPV/EHUkoak (45), baina baita Deustuko Unibertsitatekoak (7) eta IED Kunsthal-ekoak (3), aurten lehen aldiz parte hartu dutenak, programan parte hartu dute aurten. Pertsona bakoitzeko hilean 55 euroko prezio sinbolikoan (argi- eta ur-gastuak sartu gabe), ikasleek proiektu komunitarioetan parte hartzen dute, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetan, auzo horietan baitaude pisuak.