Urtero bezala, hiriaren sorrera urteurrenaren ospakizun-ekitaldien barruan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin die ostegun honetan, ekainaren 13an, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari eta Gozogintzako Lanbide Eskolari. Aburtoz gain, udal korporazioko gainerako kideak izan dira ekitaldian baita ere.

Aurten ere, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak duela 20 urte Hiriaren urteurrena ospatzeko sortutako 'Bilbao Tarta' ekarri dute harrerara. Ekitaldian izan dira, halaber, Elena Espeso Gozogileen Alkartasuneko gerentea eta Nadia Angulo, Jone Marcaida eta Gastón Serrano, Zuzendaritza Batzordeko kideak. Gozogintzako Lanbide Eskolaren izenean, irakasle eta ikasleen ordezkaritza bat etorri da harrera-ekitaldira.

'Bilbao Tarta'

'Bilbao Tarta' 2004an sortu zen Hiriaren urteurrena ospatzeko eta ia mende batez geroztik hiriko kaleetan ikus daitekeen baldosa ezaguna irudikatzen du. Bilboko baldosaren jatorritzat jotzen da Bartzelonako 1906ko “panot de flor” delakoa, Josep Puig i Cadafalch arkitektoari egotzi ohi zaiona, zeinek modernismo katalana bultzatu zuen Antoni Gaudí eta Lluis Domènech i Montanerrekin batera.

“Bilbao Tarta” barkillo kurruskarizko bizkotxo baten gainean finkatutako kafe-karameluzko moussea da, 15 zentimetroko luzera eta 15 zentimetroko zabalera dituena. Moussea denez gero, hotzean gorde behar da ondo kontserbatzeko, eta hau konplikatu samarra izan daiteke, bereziki udako hilabeteetan. Horregatik, 6,5 zentimetroko luzera eta 6,5 zentimetroko zabalera duen tamaina txikiagoko beste bertsio bat ere lantzen da, txokolatez, mazapanez edo gailetaz landutakoa.