Bilboko Udalak astearte honetan, ekainaren 11n, hasi ditu Artxandako funikularraren goiko geltokia birgaitzeko obrak. Lan hauekin, Udalak funikularraren instalazioak berritzeko prozesuarekin aurrera egiten jarraitzen du.
Birgaitzearen oinarrian goiko geltokiaren eraikineko eremu publikoa eraldatzea egongo da: horrela garraioaren eta irisgarritasunaren beharrizan berriak asebeteko dituen geltoki moderno eta funtzionala lortuko da.
Horrez gain, geltokia operatiboki ere hobetzea aurreikusten da, txartelak balioztatzeko ateak eta makinak, itxarongelak eta abar jarrita. Eta komenentziako eta merchandisingeko gauzen saltokietarako guneak ere ipiniko dira geltoki barruan.
Lan horiek modernizazio-proiektu zabalago batean sartuta daude, alegia, Artxandako Funikularraren historiako birmoldaketarik handienaren barruan. Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planaren parte da, eta Europako Next Generation-eko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Funtsen finantzaketa du.
Jadanik eginda dauden lanen artean, 220 plaka fotovoltaiko instalatu dira, eta frenatze-energiaren aprobetxamenduarekin batera, energia-kontsumoa % 80 murriztu da horrela. Halaber, lorategi bertikal bat egin da beheko geltokiaren fatxadan, urtean 15,25 tona CO2 xurga ditzaketen 12 espezierekin.
Jarduketa horien guztien xedea da garraiobide ospetsu hau hirugarren belaunaldiko funikularra bihurtzea XXI. menderako, eta gai izan dadila gaur egun dagoen hazkunde tasari eta Artxanda mendiaren bilakaeraren ondorioz aurreikusten denari erantzuteko.
Funikularra
Artxandako funikularrak inoizko bidaiari-kopuru handiena izan zuen 2023an: 1.134.152 bidaiari. Aurten -datu metatuak dira- bidaiari-kopuruak % 5,18 ,egin du gora, 2023ko datuekin alderatuta.
Hain zuzen ere, gero eta eskari handiagoa dagoenez, martxoan Artxandako funikularraren maiztasuna handitu egin zen eguneko ordu zentraletan, erabiltzaileen joan-etorriak arintzeko. Horrela, 11:00etatik 20:00etara, bidaiak 10 minuturik behin egingo dira. Ordutegi horretatik kanpo, gaur egungo maiztasunari eutsiko zaio, 15 minuturik behin.
Gainera, zerbitzu osoan zehar, jende asko ibiltzen den uneetan, bagoiak betetzen direnean (60 lagun) hasiko da bidaia, ordutegiari begiratu gabe. Bitarteko bidaia bat egin behar bada ohiko ordutegia baino lehenago, 60 pertsonekin funikularra bete delako, eta, horren ondorioz, ezin bada hurrengo bidaia egin aurreikusitako ordutegian, lehenbailehen egingo da.
Bestalde, jaiegunetan, udako jaiegunen bezperetan eta Aste Nagusian aipatutako maiztasun-irizpidea aplikatuko da, aldi horietako beharretara egokituta.
Funikularraren ordutegia hau da: lanegunetan 7:15etik 22:00etara. Jaiegunetan 8:15etik 22:00etara, eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) zerbitzua 23:00etara arte luzatzen da barikuetan, zapatuetan eta jaiegunen bezperetan.
Hiru minutu baino gehixeago behar du funikularrak 770,34 metroko bidea egiteko; segundoko 5 metroko abiadura hartzen du (orduko 18 kilometro) eta 70 pertsonentzako lekua dago bagoietan. Gainera, berrikuntzak sartzen joan dira ematen dituen zerbitzuetan, hala nola doako bisita gidatuak, bai gaztelaniaz bai euskaraz.
Artxandako funikularrak Traveler Choice 2020 saria lortu zuen, TripAdvisor webgunearen erabiltzaileen aldeko iritzien bidez, eta 2019an ere eman zitzaion. Batez ere bidaiariei eta turistei zuzendutako webgune hau nazioarteko erreferentzia da, urtero 150 milioi iruzkin eta balorazio baino gehiago jasotzen baititu mundu osoko lau milioi erakunderi buruz.