Datorren larunbatean, ekinaren 15ean, indarrean sartuko da Bilbon Emisio Gutxiko Eremu berria, baina ez da hurrengo astelehenera arte aplikatuko, hau da, ekainaren 17ra arte. Hori dela eta, Bilboko Udalak horri buruzko informazio-kanpaina bat abiarazi egin du, Ongi Etorri izenekoa.

Ordenantzak zenbait kategoriatan sailkatzen ditu ibilgailuak kutsatzeko ahalmenaren eta ingurumen-bereizgarriaren arabera, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita:

  •  Gutxi kutsatzen duen ibilgailua: 0 emisioko ibilgailua, ECO eta C.
  • Ibilgailu kutsatzailea: B ibilgailuak.
  • Ibilgailu oso kutsatzailea: A ibilgailuak edo etiketarik gabeak.

Gogorarazi behar da Bilbon ez dela inolako bereizgarririk edo eranskailu fisikorik eraman beharko ibilgailuan, ezta aldez aurretik halakorik eskatu ere. EGEra sartzen diren ibilgailuak matrikulak irakurtzeko kameren sistema baten bidez kontrolatuko dira, eta sistema horiek Udalaren eta DGTren datu-baseetara konektatuta egongo dira.

Onartutako ordenantzaren arabera, 2024ko ekainaren 15etik aurrera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak (hau da, 0 emisioko ibilgailuak, ECO eta C ibilgailuak), bizikletak, bizikleta elektrikoak, beste ziklo batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak sartu eta ibili ahal izango dira libreki emisio gutxiko eremuan, bai eta bertan aparkatu ere.

Erregulazioa lanegunetan aplikatuko da, astelehenetik barikura, 07:00etatik 20:00etara. Araudia betetzen ez dutenek 200 eurorainoko zehapenak izango dituzte, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

Ibilgailu kutsatzaileek (B) eta oso kutsatzaileek (A) mugatuta izango dute emisio gutxiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea ordutegi jakin batean.

Salbuespenak, luzamenduak eta egokitzapen-aldia

Datorren ekainaren 15etik aurrera, sarraldien kontrola erabat operatibo egongo da eta araudia guztiz betetzea eskatzen da. Hala ere, ordenantzak jasotzen duen moduan, luzamenduez eta ezarpena progresiboaz gain, zehapen-araubidea irailaren 15ean jarriko da indarrean, herritarrek egokitzapen-aldia izan dezaten. Araua betetzen ez duten pertsonei ohartarazpena egingo zaie, epe hori igarotakoan arau-hausteak murriztu daitezen.

Salbuespenak

Ibilgailu horietako edozeinek daukan ingurumen-etiketa edozein izanik ere, salbuetsita egongo dira eta, beraz, libreki sartu ahal izango dira araua indarrean jarri aurretik EGEan erroldatuta zeuden egoiliarren ibilgailuak, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko ibilgailuak, larrialdietako eta funtsezko ibilgailuak, ibilgailu historikoak, 50 cc-tik beherako eta orduko 45 kilometroko abiaduratik beherako ziklomotorrak, eta gutxi kutsatzen duen ibilgailua erosi dutela egiaztatzen duten pertsonak, hura jaso arte. 

Era berean, egoiliarrek, merkatariek eta ostalariek gehienez 6 ibilgailu oso kutsatzaile gonbidatu ditzakete hilean; 16 ibilgailu izan daitezke, gonbidatzen dituztenak 70 urtetik gorakoak badira, ez gonbidatuak.

Luzamenduak

Ordenantzak luzamendu hauek jasotzen ditu, EGEra sartzeko debekua atzeratuko dutenak:

2029ko abenduaren 31ra arte A eta B ibilgailuentzat, garaje-partzela pribatua edo udal-garajea daukaten 70 urtetik gorakoentzat, medikuaren edo albaitariaren kontsultetara eta tratamenduetara doazen pertsonentzat, jarduera eta ekitaldi berezietako ibilgailuentzat, txandakako aparkalekuren batera doazenentzat (kasu honetan ez zaie A ibilgailuei aplikatuko), jarduera profesionalerako inbertsio gehigarrikoentzat.

A ibilgailuentzat 2025eko abenduaren 31ra arte eta B ibilgailuentzat 2029ko abenduaren 31ra arte, kolektibo hauetakoak: araua indarrean jarri ondoren EGEan erroldatuta dauden egoiliarrak, EGEan bizi direnen TAO txartela daukatenak, EGEan dagoen garaje-partzela daukatenak, udal-aparkalekua daukaten egoiliarrak, zamalanetarako baimendutako ibilgailuak, etxe-aldaketako ibilgailuak, eskola-garraioko ibilgailuak eta enpresa-ibilgailuak. Taxiak eta VTC zerbitzuak, autoeskoletakoak, 3,5 tonara arteko sendagaien garraiokoak, EGEan dauden merkataritzako edo ostalaritza-lokaletako ibilgailuak, zerbitzu turistikoen garraio kolektiboa, merkatarien eta ostalaritzako ibilgailuak, eguneko zentroek eta ikastetxeek gonbidatutako pertsonak aldi baterako mugikortasun urria badaukate, EGEan dauden lantegietara edo kontzesionarioetara doazen ibilgailuak eta hoteletako bezeroak.

Era berean, ez dute inolako izapiderik egin beharko EGEtik mugitzeko Bilboko taxiek, baimendutako zamalanetako ibilgailuek eta baimendutako txandakako aparkalekuan sartzen direnek.

Izapideak

Ibilgailu kutsatzaileetako batzuk EGEan sartu ahal izateko, izapide, eskaera edo justifikazio puntual batzuk kudeatu behar dira.

Automatikoki

Salbuetsita dauden pertsonen ibilgailuek edo Udalak datuak behar bezala erregistratuta dituzten ibilgailuek ez dute izapiderik egin beharko; beraz, komeni da egiaztatzea, adibidez, udal-erroldan alta emanda daudela. Zehazki, hauek dira EGEan sartzeko inolako izapiderik egin behar ez dutenak: EGEan bizi diren pertsonen ibilgailuak, EGEaren eremuko egoiliarraren TAO txartela daukatenak, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-bereizgarria daukatenak, egoiliarraren udal-aparkalekua EGEan daukatenak, Bilboko taxiak, autonomoentzako DES-A bereizgarria daukaten ibilgailuak, zamalanetarako baimendutako ibilgailuak, eta EGEaren barruan baimendutako txandakako aparkalekuetara sartzen diren ibilgailuak, hau da, udal-ibilgailu guztiak eta erabilera publikoko pribatu batzuk, hala nola zenbait merkataritza-gunetakoak.

Ezinbestekoak dira izapideak

Hala ere, kolektibo batzuek aurretiazko izapide bakar bat egin beharko dute EGEra sartu ahal izateko aurrez aurre Erripa kaleko 7. zenbakian dagoen herritarren arretarako bulegoan. Izapide hori beharrezkoa da, Bilboko Udalak ez dauzkalako erregistratuta ibilgailuen ezaugarri eta datu horiek. Lehen deskribatutako kolektiboen kasuan, ostera, erregistratuta daude eta ez dute izapiderik behar.

Hauexek dira: dendetako eta ostalaritzako establezimenduetako ibilgailuak; gutxi kutsatzen duen ibilgailu bat erosi dutela egiaztatzen duten pertsonak, ibilgailua entregatu arte; historikotzat katalogatuta dauden ibilgailuak; larrialdi-zerbitzuak edo funtsezkoak; EGEko autoeskolak, jarduera edo ekitaldi berezietakoak; Bilbotik kanpoko taxiak eta VTC zerbitzuak; atzerriko matrikula edo Trafikoko Zuzendaritzaren erregistroan inskribatu gabeak; eskola-garraio kolektiboa, enpresakoa edo turistikoa; jarduera profesionalerako inbertsio gehigarria daukaten ibilgailuak; EGEko egoiliarren ibilgailuak, leasing edo renting kontratua daukatenak edo enpresak lagatakoak; EGEan dagoen garaje pribatuko partzela batera sartzen diren ibilgailuak; eta EGEan dagoen kontzesionarioen ibilgailuak.

Aplikazioa

Datozen egunotanEGEak abian jarriko du ZBE Bilbao EGE izeneko aplikazioa. Bertan, izapide mota bi kudeatu ahal izango dira: hirugarren pertsonentzako gonbidapenak eta baimenak, eta sarbide puntualak justifikatzeko baimenak.

Hirugarrenentzako gonbidapenak eta baimenak

Lehenengoen kasuan, kolektiboek zuzenean gonbidatzen edo baimentzen dituzte beste pertsona batzuk EGEra sartzeko, eta aplikazioaren bidez soilik kudeatu behar dute. Egoiliarren, ostera, 94 644 54 12 telefonoaren bidez ere egin dezakete.

Gonbidapenen kasuan, egoiliarrek edo merkatariek eta ostalariek hilean gehienez 6 gonbidapen egin ditzakete pertsona edo erakunde bakoitzeko, edo 16 gonbidapen, egoiliarrak edo merkatariak 70 urtetik gorakoak badira. Baimenen kasuan, hotel-establezimenduek, ibilgailuen tailerrek, eguneko zentroek edo ikastetxeek eskatzen edo kudeatzen dituzte baimenak.

Horretarako, ezinbestekoa da gonbidatzen edo baimentzen dituzten kolektibo guztiek aldez aurretik alta ematea, bai Erripa kaleko herritarren informaziorako bulegoaren bidez, astelehenetik barikura 08:30etik 18:30era (uztailean eta abuztuan 08:00etatik 15:00etara), bai modu telematikoan webgunean; hor, pasahitz bat eta erabiltzaile bat lortuko dituzte aplikazioan sartu ahal izateko, beharrezko baimen pertsonalizatuekin.

Aplikazioaren beraren bidez, uneoro jakin ahal izango dute zer egoeratan dauden baimenak eta kudeaketak, eta zuzenean izapidetu ahal izango dituzte.

Sarraldi puntualak

A eta B ibilgailuekin EGEra sartu nahi dutenek, eta mugikortasun urriko pertsona bat daramatenek, medikuaren edo albaitariaren kontsultara doazenek, aplikazioaren bidez kudeatu beharko dute sartzeko justifikazioa.

Kasu horietan, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik alta ematea, ezta sarraldi puntualak kudeatzeko gakoa lortzea ere.

Gonbidapenak, baimenak eta sarraldi puntualak ibilgailuak EGEan sartu eta 48 ordura arte egin edo eska daitezke.

Ongi etorri

Beste alde batetik, ekainaren 15ean kanpaina bat jarriko da abian arauaren aplikazioaren xehetasunak, eraginpean izango diren kolektiboak, salbuespenak eta luzamenduak zeintzuk diren deskribatzeko; era berean, herritarren eskura izango dira bulegoa, webgunea eta aplikazioa. Kanpaina horretan azalpen-bideoak, infografia digitalak, informazio-liburuxkak, kartelak eta InfoBilbaoren edizio berezi bat banatuko dira, araudiaren funtzionamenduari buruzko xehetasunekin. Argitalpen hori postontzietan banatu eta uri osora zabalduko da.

Ongi etorri lelopean eta "Emisio Gutxiko Eremua Bilbora heldu da" esaldiarekin uriko airearen kalitatea eta pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetuko duen neurririk iraunkorrenetako bati ongietorria eman nahi izan zaio.