Síguenos en redes sociales:

Zorrotza izango da Bilbao Izan programaren hurrengo geralekua

Zorrotza auzoa izango da uriko tokiko ezezagunenak ezagutzera emateko eta hiriko auzoetako ondarea zabaltzeko helburuak dituen Bilbao Izan programaren hurrengo geralekuak. Ekimena maiatzeko azken bi asteetan garatuko da.

Ibilbideak Bilbao Izanen “Gure auzoak eszenara” ekimenaren barruan sartzen dira, eta edizio honetan berrikuntza garrantzitsu bat dute, antzerki-izaera handiagoa izango baitute. Modu horretan, gida boluntario batek Zorrotzako gertaera historikoen, bitxikerien eta pasadizoen berri emango du, eta, horretarako, pertsonaia karakterizatuak sartuko dira, garaiko jantzi eta guzti.

Hitzorduak maiatzaren bigarren hamabostaldian antolatuko dira. Interesatuek erreserbak egin ahal izango dituzte maiatzaren 13ko 9:00etatik aurrera, Bilbao Izanen helbidean. Bisita gidatu antzeztuak ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, eta Azokako Parkean hasiko dira. Bisitak egiteko hautatutako ibilbideak irisgarriak izango direnez, mugikortasun murriztuko pertsonek ere egin ahal izango dituzte.

Bisitetan izena emateko, gutxienez 14 urte izan behar dira, eta pertsonek erreserba egiterakoan, izen-abizenak, NAN zenbakia, e-maila eta telefono-zenbakia eman beharko dituzte. Bisita egin ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, eta izena emandako pertsonei eskatzen zaie bisita gidatura joan ezin badute gordetako egun eta orduan, mesedez, jakinarazteko Bilbao Izanen web orrialdearen bidez, “baja ematea” aukera hautatuta, plaza hori beste pertsona batek har dezan.

Aire zabaleko jarduera denez, euria egiten badu ere ez da bertan behera utziko, baina zertxobait aldatu ahal izango da. Egunaren arabera, bisitak gaztelaniaz edo euskaraz eskainiko dira, eta, errazago entzuteko, irrati-gida bate mango zaio parte-hartzaile bakoitzari. Hori dela-eta, bertaratuko diren pertsonek hasiera-ordua baino 15 minutu lehenago hurbildu beharko dute topagunera, irrati-gida emateko, nortasuna egiaztatzeko agiri bat eskatuko baitzaie. Gainera, taldeetako batean zeinuen hizkuntzako interpretea egongo da.

Bilbao Izan: “Gure auzoak eszenara” ekimenak guztira 8 ibilbide antzeztu eskainiko ditu auzo hauetan barrena: Zorrotza (maiatzeko bigarren hamabostaldia), Indautxu (ekaineko lehen hamabostaldia), Otxarkoaga (ekaineko bigarren hamabostaldia), Iralabarri (uztaileko lehen hamabostaldia), Uribarri (uztaileko bigarren hamabostaldia), San Adrian (iraileko lehen hamabostaldia), Begoña (iraileko bigarren hamabostaldia) eta Deustu (urriko lehen hamabostaldia).