Astearte honetan goizean, apirilaren 10ean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Nazioarteko Gaietarako zinegotzi Eider Inunciagak harrera egin zioten Bilboko udaletxean Txinako Qingdao hiriko ordezkaritza ofizialari, zeinak Bilbo bisitatu duen nazioarteko harremanak sustatzeko egindako bidai batean. Bi hiriek lankidetza-lotura bereziak ezarri nahi dituzte, eta bisita hau aukera paregabea izan da bai Bilborentzat eta baita Qingdao hirirako ere.

Qingdaoko ordezkaritza, Tao Geng Alkateordea buru, garapen ekonomiko, hiri-plangintza eta nazioarteko harremanetako udal agintari gorenek osatu dute, eta Bilbora egin duen bisita bi hirien artean bereziki merkataritza, teknologia, osasun eta kultura arloetan dauden harreman estuen barruan antolatu da.

Shandong probintzian kokatua eta 10 milioi biztanle baino gehiago dituela, Qingdao Txinako hiririk lehiatsu eta garrantzitsuenetakoa da, eta 2003ko irailaren 10az geroztik, Lankidetza eta Adiskidetasun Akordioa sinatua du Bilborekin, bi hirien mesedeko “lankidetza-lotura bereziak ezartzeko” eta “truke eta lankidetzarako formulak” garatzeko, Bizkaiko hiriburuaren dimentsio ekonomikoa Txinan eta Asia osoan bultzatuz, Bilboko eta Euskadiko enpresei lehian jarduteko ateak zabaldu eta Txinatik kalitateko turismoa erakartzeko asmoz.

2016ko martxoan, Juan Mari Aburto Alkateak harrera egin zion aurreko Alkateorde Wang Guangzheng-i, 2014ko azaroan bi hirien arteko akordioaren hamargarren urteurrenean antolatu zen izaera bereko topaketari jarraipena emanez.