San Mames goi mailako errugbiaren egoitza izango da berriro uda honetan. Frantziako selekzioak Bilbon hasiko du bere udako bira, mundu osoko errugbilaririk onenak bilduko dituen World XV izeneko konbinatuaren aurka lehiatuz. Partida ekainaren 22an ospatuko da.

Ekitaldiak Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes osoa izango du, Bizkaiko hiriburuak berriz ere nazioarteko errugbiaren jai handia bizi dezan, 2018an Errugbiko Europako Finala izan zenean bezala, eta San Mamesen berriz ere 2026an egingo denean izango dena bezalakoxea. Gainera, Euskadiko eta Espainiako Errugbi Federazioek ere lagunduko dute.

Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, ilusio handiz mintzatu da: “Kirol-ekitaldi hau Bilbon egitea, guretzat, 2018ko Europako finala bertan egin genuenean bizi izandako grina berriz bizitzea da, Europako errugbiko garrantzitsuenetakoa baita, eta orduan irten baitzen lehen aldiz Sei Nazioen zirkuitutik. Gertakari historiko bat izan zen, eta erronka handi bat, San Mamesen txaloka jarri gintuena eta berriz gozatu ahal izango duguna 2026ko finaletarako prestatu bitartean. Mugarri eta gertakari berriak dira, eta horietan ere beste behin erakutsiko dugu gure profesionaltasun osoa, eta harro gaudela errugbiaren balio guztiekin, nobletasunarekin, grinarekin, konpromisoarekin, ahaleginarekin eta talde-lanarekin bat datorren lurralde honetaz.”

Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak, honako hau adierazi du: “2026ko errugbi-finalak lortu ondoren, eta 2018koen arrakasta ikusita, gogo biziz jaso dugu hurrengo finaletarako bideko partida bat hemen egingo dela, gure lurraldean, punta-puntako kirol-ekitaldia baita. Kirol-ekitaldi horiek Bilbao-Bizkaia leku onean uzten dute, berriz ere frogatu ahal izateko zer garen eta zer dugun partekatzeko.”

Frantziako selekzioa hirugarrena da World Rugbyren munduko sailkapenean, bigarrena Sei Nazioen azken txapelketan, eta aurten bleu jokalarien artean Top 14ko jokalari onenetako batzuk izango ditu, Bilbotik hego-hemisferiora joango direnak besteak beste Argentinako Pumen kontra jokatuko duten birarako.

Ian Foster da Munduko World XV konbinatuko gidaria, aurreko munduko txapelketara arte All Blacksen entrenatzaile izandakoa, eta haren laguntzaile lanetan arituko da Patrice Collazo frantziarra, Montpellierreko entrenatzailea eta, horren aurretik, Top14ko beste talde batzuetakoa ere bai, esaterako, La Rochelle, Toulon eta Brivekoa.

 “Ohore izugarria da World XV taldean entrenatzeko deitu izana; zalantzarik gabe, bizitzan behin suertatzen den aukera horietako bat,” azaldu du, hunkituta, Fosterrek. 

“Guztiz berezia da mundu osotik etorritako punta-puntako nazioarteko jokalariz osatutako talde bateko entrenatzaile izatea. Gainera, Frantziako selekzioaren kontra Bilbon, Euskadin, jokatzeak errugbi oldarkorreko ikuskizun handi bat sortzera bultzatzen gaitu, entseguz betea, bertaratutako euskal zaleak, Frantziakoak eta Espainiakoak show bikain batekin dibertitu daitezen.”

Konbinatuko jokalarien artean munduko onenetakoak ditugu, esaterako, Mako eta Billy Vunipola anai ingelesak, bien artean Ingalaterrarekin nazioarteko txapelketetan 75 bider baino gehiagotan aritu direnak. World XV taldean, nazioarteko bi frantses paregabe arituko dira, Maxime Machenaud uztartze-erdilaria eta Camille López zabaltzailea, egun Bayonnaisen dabilena. Lehenak, oilarraren elastikoa 38 aldiz jantzi du, eta Euskaldunak, hala esaten baitiote Lópezi haurtzaroa Euskal Herrian eman zuelako, 100 puntu egin ditu Frantziako kamisetarekin. Baieztatu dute hiru laurdeneko lerroan munduko jokalaririk desorekatzaileenetako bat dagoela, Semi Radradra fijiarra, Tokioko Olinpiar Jokoetan zazpiko errugbian urrezko domina lortutakoa eta Top14an eta Ingalaterrako Premier ligan aritutakoa. Tevita Tatafu harroinak ere jokatuko du, eta pareko mailako beste hainbatek ere bai, Fabien Galthiéren gidaritzapeko Frantzia ahalguztidunari jarkiko zaion konbinatu indartsua osatzeko.

Jean Marc Lhermetek, Frantziako Errugbi Federazioko (FFR) lehendakariordeak honako hau azaldu du: “Pozarren iragarri dugu gaur maila goreneko nazioarteko partida hau Bilbon egingo dela. Frantziako gure taldea erakusleiho paregabea da errugbia esportatzeko mailaka-mailaka hazten ari den herrialdeetara. Harro egoteko modukoa da, eta pribilegio bat, haz dadin lagundu ahal izatea. Irrikan gaude estadioa euskal zalez beteta ikusteko, hain giro magikoa sortzen baitute.”

Espainiako Errugbi Federazioko (RFER) lehendakari Juan Carlos Martín Hansenek hau gaineratu du: "Beste behin, nazioarteko maila goreneko partida bat egiteko Espainia hautatu izanak agerian uzten du gure herrialdearen erakargarritasuna. Poz-pozik gaude partida historiko hau bertan egingo delako, San Mames eta Bilbo maila horretako errugbi-ekitaldiak egiteko ohiko leku bihurtuko delako, eta horiek, zalantzarik gabe, era esponentzialean indartzen dutelako errugbiaren hazkundea gure herrialdean.”

Sarrerak salgai daude dagoeneko, webgunean, 35 eurotik aurrera helduentzat eta 17,50 eurotik aurrera 14 urtetik beherakoentzat. 10 pertsonatik gorako taldeek deskontuak izango dituzte.

Ekainaren 22an errugbiaren beste jai bat izango da Bilbao-Bizkaian, eta espero da San Mameseko harmailak berriro ere mukuru egongo direla 2026ko Errugbiko Europako Finaletan aurrekari izango den partida historiko honetan.