Gidarien zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko etengabeko erronkan, martxan jarriko du Bilboko Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berri bat. Oraingo honetan, Udaltzaingoak gidatu bitartean segurtasun-uhala eta umeei eusteko gailuen erabilera kontrolatuko du. Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan martxan jarritako kanpaina hau bihartik, martxoaren 11tik, hurrengo igandera bitartean, hau da, hilaren 17ra arte egongo da indarrean.
Hala, udaltzainek ohiko kontrolak indartuko dituzte segurtasun-uhala eta umeei eusteko gailu guztiak (Bide Segurtasunari buruzko Legean aurreikusten direnak) erabiltzen ote diren egiaztatzeko.
Gainera, bai gidariek bai ibilgailuaren aurrealdeko zein atzealdeko bidaideek segurtasuneko dispositiboak behar bezala erabiltzen dituztela egiaztatuko dute; izan ere, horiek erabiltzea derrigorrezkoa da eta lege horretan beren-beregi araututa agertzen da.
Iaz, Udaltzaingoak antzeko kanpainak egin zituen urian, eta hogeita bi kontrol ezarri zituen. Horietan 5.423 ibilgailu ikuskatu ziren, eta horien ondorioz 48 pertsona zigortu zituen: 10 gidari, uhala ez erabiltzeagatik; bidaia bati, aurreko eserlekuan uhala ez erabiltzeagatik; eta sei, atzeko eserlekuan uhala ez erabiltzeagatik. Gainera, pertsona bi salatu zituzten haurren segurtasunerako gailua behar bezala ez eramateagatik, eta beste 29 zirkulazio-arauen bestelako arau-hausteengatik.
Bilboko Udaltzaingoak egin ohi dituen kanpainak hauek dira: alkohol- eta droga-kontrolak, gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina eta abiadura kontrolatzeko kanpaina, besteak beste.