Bilbao Basketek etxeko partidak jokatzen dituenean egin ohi duen bezala, Bilbobusek behin-behineko linea bat aktibatuko du datorren asteazkenean, martxoaren 13an. Linea hori Plaza Biribilaren ingurutik irtengo da Bilbao Arenaraino joateko, eta partida amaitzean kontrako ibilbidea egingo du. Neurri honekin, Bilboko Udalak garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du Bilbao Basketen zaleen artean.

Horrela, bada, asteazkenean, Bilbao Basket eta Legia Varsovia arteko partida dela eta, 20:00etan, E7 linea Plaza Zirkularretik 10 minuturo irtengo da partida hasi baino ordubete lehenagotik Bilbao Arenara (hau da, 19:00etatik aurrera). Partida amaitzean, bestalde, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.

Bestalde, partidaren ondorengo minutuetan, 30, 71, 75 eta 76 autobus lineek ibilbidea aldatuko dute, erabiltzaileei hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzu bizkorragoa emateko. Horretarako, Askatasuna/Parkean beste geltoki bat egingo dute Zabalburu / Hurtado Amezaga norabidean.

Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.