Erreumatologiako espezialistak Bilbon bildu dira
Espainiako Erreumatologia Sozietateak ‘Gaixotasun Autoimmuneen IX. Sinposioa’ antolatu du Bilbon otsailaren 16 eta 17an. Hori dela-eta, 350 espezialista baino gehiago etorri dira hirira. SER sozietateak, ingurumenarekin daukan konpromisoaren erakusgarri, horrek dakarren inpaktu negatiboa ekintza positibo batekin ordaindu gura izan du, Etxebarria parkean Quercus robur zuhaitzen zenbait ale landatuz, Bilboko Udalaren laguntzaz.
Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak azpimarratu du honelako ekintzak garrantzitsuak direla eta "ingurumenari laguntzen diotela, negutegi-efektuko gasak xurgatuz”. Gaineratu du honelako ekimenak bat datozela bere sailaren helburu nagusiarekin, hau da, “Bilbo hiri berdeagoa eta irisgarriagoa izatea eta ingurumena gehiago errespetatzea, pertsona guztiak luzeago eta hobeto bizi gaitezen”.
Ingurumen-faktoreek eragina daukate pertsonen osasunean. Gaixotasun-karga handia sor dezakete gizartean, are gehiago giza jarduerak ingurunearen ezaugarriak aldatzen dituenean.
Bizi garen ingurumenaren kalitateak zuzeneko eragina dauka gure osasun eta ongizatean. Giza jardunak bere ingurunearen ezaugarriak aldatzen dituen gisan, ingurumen-faktoreek, eraldatzen direnean, gaixotasun-karga handia sor dezakete gizartean.
Adituek urteak daramatzate klima-aldaketak, atmosferaren kutsadurak edo biodibertsitatearen galerak osasunean sortzen dituzten arriskuez ohartarazten. Ingurumeneko arazo horiek gaixotasun kardiobaskularrak, arnasketakoak eta erreumatikoak larriagotzen dituzte, besteak beste. “Duela gutxi egindako azterlan batek erakusten du tenperatura eta giroko hezetasuna handitzeak agerraldi artikular, kutaneo eta hematologikoak areagotzen dituela lupusa duten pertsonengan. Lupusa gaixotasun erreumatiko eta autoimmune sistemikoa da, eta Espainian 75.000 pertsona baino gehiagok daukate”, azaldu du Nuria Vegas Revenga doktoreak, Euskadiko Erreumatologia Sozietateko presidentea eta Erreumatologiako espezialista Galdakaoko Ospitalean.
Berdeguneekiko konpromisoa
Mundu osoan, gero eta jende gehiago bizi da hiriguneetan. Beroaldi sarriek argi erakusten dute hirien erdialdeak gehiago berotzen direla periferia baino. Efektu hori zuhaitz eta berdegune gehiagorekin arindu liteke. Parkeetako eta zuhaitzak dituzten guneetako tenperaturak txikiagoak dira asfaltozko inguruneetakoak baino. Gainera, itzalak eguzki-izpietatik babesten gaitu. Arazo hori oso larria da gaixotasun autoimmuneak dauzkaten pazienteentzat, hala nola lupusa edo Sjögren-en sindromea, Vegas doktoreak azpimarratu duenez: “Oso ezaguna da lupus eritematoso sistemikoa duten gaixoentzat arriskutsua dela argi ultramorearen pean egotea; horrek zerikusi handia dauka fotosentikortasunaren eta energia sistemikoaren gehikuntzarekin”.
Espainiako Erreumatologia Sozietatearen, Bilboko Udalaren eta Euskadiko Erreumatologia Sozietatearen arteko kolaborazio honek 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzen laguntzen du; legatu hori oso garrantzitsua da hiru erakundeontzat.
Erremautologiako Espainiako Elkartea (SER)
Espainiako Erreumatologia Sozietatearen (SER) eginkizuna da eragile guztiei behar dituzten tresnak eskaintzea erreuma daukaten gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko. Laguntza hobetu gura du, irakaskuntzaren bidez eta espezialisten prestakuntza hobetuz, baita patologia erreumatikoen ikerkuntza-proiektuen bidez ere (muskuloeskeletikoak eta autoimmune sistemikoak). Gainera, gaixotasun horiek gizartean eta erakundeetan hobeto ezagutzeko, haien gaineko informazioa eta ikusgarritasuna areagotzeko, eta erabaki-eremuetan eragiteko lan egiten du. Sozietatearen balioen artean, euren jarduerak kudeatzean eta garatzean erakusten duten gardentasuna azpimarratu behar da.
Gaur egun, SER sozietateak 1.950 profesionaletik gora ordezkatzen ditu, gehienak erreumatologoak. Nazioarteko beste erakunde batzuetan parte hartzen du edota harremanak ditu haiekin, hala nola Erreumatismoaren aurkako Europako Ligarekin (EULAR) eta bestelako sozietate zientifikoekin, eta paper garrantzitsua aitortzen dio gaixoen elkarteekiko lankidetzari.
Temas
Más en Bilbao
-
El original reto de un influencer bilbaino para Aste Nagusia: encontrar latas con dinero escondido
-
Risas, malabares y flores: Bilbao enciende la cuenta atrás para Marijaia
-
Siete consejos para disfrutar del Día de la Virgen de Begoña pese al calor
-
Esta es la programación de Moskotarrak para esta Aste Nagusia