Gidarien zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehen honetan, otsailaren 5ean, eta datorren igandera arte (otsailak 11) egongo da indarrean. Oraingo honetan ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina egingo du, Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan antolatutakoa.

Kanpaina honetan, arreta jarriko zaie hiru alderdi hauei: IAT egunean edukitzea; pneumatikoen egoera eta higadura-maila –batez ere itsaspenari dagokionez, hori funtsezkoa izan baitaiteke lurzoru bustietan istripurik gerta ez dadin– eta, azkenik, argiak. 

Ekimen honen helburua da gidariak kontzientziatzea gidatzean duten erantzukizunaz, istripuak saihesteko eta gure errepideetan bide-segurtasuna bermatzeko.

Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak eskuratutako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira estatistikazko analisia egiteko, aldez aurretik horretarako ezarritako adierazle multzo bati egokituz.

Joan den urtean egindako kanpainen datuak

2023an egindako halako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak 541 ibilgailu ikuskatu zituen. Ikuskapen horietan, zenbait salaketa jarri zituen: 153 salaketa IAT epe barruan ez egiteagatik, 21 salaketa asegurua indarrean ez izategatik, salaketa bat argien akatsengatik, salaketa bat egoera txarrean zeuden pneumatikoengatik eta beste 22 salaketa bestelako arau-hausteengatik.

Ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko kanpainaz gain, BIlboko Udaltzaingoak gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera eta abiadura kontrolatzeko kanpainak egiten ditu baita ere.