Aurrerapauso garrantzitsua eman du Bilboko Udalak aste honetan, Bilbao Kirolaken erabiltzaileentzat erosotasun handia ekarriko duena. Erakundeak bat egingo du Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitala/Cartera Digital aplikazioarekin. Horri esker, abonatuek kiroldegietan sartzeko txartela sakelako telefonoan eraman ahalko dute, euskal erakunde publikoek ematen dituzten bestelako txartelekin batera.

Bilbao Kirolak-eko abonatuek, euren txartela aplikazioan deskargatu nahi badute, BakQ identifikazio elektronikoko sistema eduki beharko dute. NIK Patrika Digitala aplikaziotik bertatik Bilbao Kirolak-en bulego birtualera sartu ahalko dira, eta instalazioetako erreserbak, ikastaroetako altak eta abarrekoak kudeatu.

Aplikazio mugikorra Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu du. Txartel-zorro horrek erabilgarritasun handia du erabiltzailearentzat, dokumentuak mugikorrean gordetzeko eta, beharrezkoa denean, in situ eta modu telematikoan aurkezteko aukera ematen baitio. Une honetan, NIK-ek Osakidetzaren OTI osasun-txartela, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko txartelak, Familia Ugariko Txartela, GazteTxartela eta zenbait udal-kiroldegitako erabiltzaileen txartelak hartzen ditu, besteak beste Bilbao Kirolak-ekoak.

Edozein pertsonak euskarri elektronikoan gorde ditzake bere akreditazio-txartelak telefono mugikorraren barruan, NIK Patrika Digitala/Cartera Digital aplikazioaren bidez. Aplikazioa deskargatu ondoren, telefono mugikorra erakutsiz dagokion zerbitzuan identifikatu ahal izango da erabiltzailea.