Astelehen honetatik hasita eta datorren igandera bitartean, Bilboko Udaltzaingoak alkoholemia- eta droga-kontrolak egingo ditu urian zehar. Kanapaina hau Gabonetan egingo direnetatik lehenengoa izango da.
Heriotza eragiten duten errepideko istripuetan, hirutik batean alkohola eta drogak izaten dira eragile edo tartean izaten dira. Izan ere, gidatu behar denean alkohola edo drogak hartzen badira, 2 eta 15 bider artean handiagoa izaten da istripu bat izateko arriskua (kantitatearen arabera).
Hori dela-eta, Gabonetan norberaren ibilgailuarekin hainbat joan-etorri egiten direnez, Bilboko Udaltzaingoak herritarrei gogorarazi nahi die garrantzi handikoa dela alkoholik eta drogarik ez hartzea gidatu behar denean, eta tasa seguru bakarra % 0,0 dela.
Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.
Prebentzio-kontrolak
Hain zuzen ere, Gabonak direla-eta, Bilboko Udaltzaingoak prebentzio-kanpaina egingo du, Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan, gidariek alkoholik eta drogarik kontsumitu ez dezaten.
Kontrolak abenduaren 11tik 17ra, abenduaren 28tik urtarrilaren 1era eta urtarrilaren 4tik 7ra egingo dira. Egun horietan, uriko bide jendetsuenen kontrola eta zaintza areagotuko da. Egunero bi edo hiru kontrol egingo dira, gidatzean arrisku handia eragiten duen jokabide hau eragozteko.
2022an, Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren alorreko 114 prebentzio-kontrol egin zituen urteko zenbait asteburutan, eta sarriago Aste Nagusian eta Gabonetan.
Kontrol horietan 1.342 proba egin zituzten guztira (1.296, alkoholarenak eta 46 drogenak). Emaitza: 18 positibo alkohol-probetan eta 1 droga-probetan.
Alkoholemia istripuetan
Zirkulazio-istripuetan egindako alkohol eta droga probei dagokienez, 1.591 istriputan Udaltzaingoak 319 proba egin zituen iaz, eta haietatik 139 positiboak izan ziren. Horren ondorioz, 96 pertsona bide-segurtasunaren aurkako delituengatik atxilotu edo ikertu ziren eta gainerakoei administrazio-salaketa ipini zitzaien.