Martxan jarri du Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak Bilbobusen aplikazioaren bertsio berria. Bertan hainbat hobekuntza egin dira erabiltzaileen irisgarritasuna errazteko eta egokitzeko.

Horiek horrela, udal autobus-zerbitzuak mugikorrerako duen aplikazioa goitik behera berritu du, zerbitzu hobea eskaintzeko eta erabat eskuragarri izan dadin. Ekimen horren bidez, aplikazioak eta webguneak gero eta erabilerrazagoak izateko eskari gero eta handiagoari erantzuten dio Bilbobusek.

Erabilerraztasun digitalari esker, nahinork erabil ditzake zerbitzuak, produktuak, informazioa edo beste edozein gauza, egoera pertsonala edozein dela ere.

Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak adierazi duenez, "erabilerraztasun eta erabilgarritasun digitalak gaur egun duen garrantzia eztabaidaezina da, batez ere kontuan hartzen badugu gero eta gehiago erabiltzen ditugula sarea eta zerbitzu digitalak. Beraz, inklusioaz, gizarte-kohesioaz eta berdintasunaz ari gara, erabilerraztasuna hobetzeak aukera-berdintasuna ematen digulako".

Horrela, aplikazio berrituak diseinu inklusiboa izango du, Android-eko Talkback eta eta iOS-eko VoiceOver irakurketa automatikoko sistemekin bateragarria izango da, eta horrela, aplikazioa erabiltzeko aukera ematen zaie behar duten guztiei.

Aplikazioaren berritasunen artean hauek daude: ibilbideen planifikatzailea, abisuak eta alertak jasotzeko sistema, eta linea guztien ibilbide alternatiboei buruzko eta geraleku guztietako irisgarritasunari buruzko informazio zehatz-zehatza, argazki eta guzti. Informazio-kanpainak emateko aukera ere emango du (hala nola Bilbao BBK Live, Aste Nagusia eta antzekoak).

Bilbobusen aplikazioa 2013an sortu zen, eta harrezkero, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak hainbat eguneratze egin dizkio. Bertsio berritu hau 2019an Europako garraio publikorako erreferentziazko datuen eredua (TRANSMODEL) ezarri ondoren etorri da, eta Europar Batasunaren Next Generation funtsen finantzaketa du. Bilbobusen aplikazio berria eskuragarri dago jada, eta bateragarria da gailu mugikor eta sistema eragile guztiekin.