Bilboko Udalak 1.084.712,61 euroko aurrekontua bideratuko du Errekalde plaza estaltzeko. Gobernu Batzordeak asteazkenean goizean onartu zuen aurrekontuko partida, eta datozen egunetan lizitaziora aterako da proiektua. Behin obrak adjudikatu eta hasi ondoren, bost hilabeteko epea izango da obrak amaitzeko.

Proiektuan, isuri biko estalki bat eraikitzea aurreikusten da, zabaldegi osoa estaliko du eta hegala eszenatokiaren eta hormigoizko pergolaren gainetik luzatuko da. Horrela, plazan jarduerak eta ekitaldiak egin ahal izango dira, klima-baldintzak edozein direla ere.

Estalki sinple bat proposatzen da, tarteko zutaberik gabea, % 10eko zeharkako malda duena, eta % 8ko luzetarako beste bat. Guztira 940 metro koadroko azalera izango du, 470 metroko isurki bi berdinetan banatuta.

Egitura metalikoa izango da eta 31,60 metroko luzerako bederatzi portikok osatuko dute, lau metrotik lau metrora. Bitartean, estalkia polikarbonato konpaktuaren bidez egingo da, aluminiozko bereizgailuekin.

Gainera, hamalau led proiektagailu jarriko dira plaza estalki azpian argiztatzeko.

Proiektuaren barruan, eszenatokira iristeko ibilbide bat eraikitzea ere aurreikusten da, % 8tik beherako malda izango duena, eta mendebaldean dagoen eskailera tartea ordezkatuko duena. Ibilbide hori hormigoizko hormez osatutako lau arrapalak osatuko dute, eta plazako gainerako alderdietako antzeko materialez zolatuko dira. Arrapalek altzairu herdoilgaitzezko baranda eta eskudel bikoitzak izango dituzte, hormigoizko hormetan ainguratuta. Era berean, obrek kaltetutako zoladuraren pieza guztiak berrituko dira.