Datorren igandean, azaroaren 26an, ospatuko da dagoeneko tradizioa den 'Santurtzitik Bilbora' nazioarteko lasterketaren 35. edizioa, Santurtziko portutik abiatzen ziren sardina-saltzaileen ohiko bidea gogoraratzen duena. Gaur goizean egin da lasterketaren aurkezpena Santurtziko Casa Torre Jauregian, eta bertan hartu dute Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak, Itziar Carrocera Santurtziko Udaleko Kiroletako zinegotziak eta Oscar Álvarez lasterketa antolatzen duen Santurtziko Atletismo Klubeko zuzendariak.
Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak kirol-topaketa honen garrantzia nabarmendu du, hainbat jatorritako kirolariak erakartzen dituelako, bai korrikalari amateurrak, bai hemengo atleta profesionalak eta bai nazioarteko kirolariak ere.
“Parte-hartzaile kopuruak argi erakusten du zein den Bilboko eta Santurtziko udalerri bien artean lortu den lehiaketa-maila, eta eragin eta inpaktu handia du Bizkaiko Ezkerralde osoan eta, jakina, baita Lurralde Historiko osoan ere. Gainera, ahaleginaren, konpromisoaren, laguntasunaren, ohitura osasungarrien eta abarren mezua ere hartzen badugu kontuan, hau da, kirolak bere baitan biltzen duen eta han eta hemen zabaltzen duen guztia, dudarik gabe esan dezakegu hitzordu hau huts egin ezin diren horietakoa dela eta oso harro gaudela horretaz".
Bestalde, Itziar Carrocera Santurtziko Udaleko Kiroletako zinegotziak azpimarratu duenez, “lasterketa honen ezaugarriak kiroltasuna eta herrikoia izatea izan dira betidanik, eta hainbeste edizioren ondoren ere, hau 35. edizioa baita, hala izaten jarraitzen du”. Era berean, azpimarratu du nolako kemena duten bai Santurtziko Atletismo Klubak, bai instituzioek, era honetako lasterketei laguntzen eta antolatzen jarraitzeko, eta kirolari askok eta zaleek ere gorriz markatuta daukatela lasterketa bere ibilbide bereziagatik.
Probaren ezaugarriak
Lasterketa 11:00etan abiatuko da Santurtziko Mikel Trueba kiroldegitik, eta Bilboko Pio Baroja plazan amaituko da, Uribitarte pasealekuan, Bilboko Udaletxearen parean. 14 kilometroko ibilbidean zehar, atletek ezkerraldeko udalerri batzuk zeharkatuko dituzte, hala nola Portugalete, Sestao edo Barakaldo.
Lasterketa hau Nazioarteko Proben Egutegiaren barruan dago, eta irekita dago bai lasterketa herrikoietako korrikalarientzat eta bai tokiko zein nazioarteko eliteko atletentzat.
Izen-ematea azaroaren 23ra arte (eguena) egongo da zabalik, online, eta azaroaren 24ra arte (barikua), Mikel Trueba kiroldegian. Beste alde batetik, izen-ematea online egiten bada, dortsalak kiroldegian jasoko dira, hilaren 23an, 24an eta 25ean, 18:00etatik 21:00etara, eta azaroaren 26an bertan, proba baino ordubete lehenago.
Dortsal bakoitzak txip bat dauka, denborak kontrolatzeko, markak benetakoak izan daitezen eta antolatzaileek berehala izan dezaten sailkapenen berri.
Antolakuntzak parte-hartzaileei jakinarazten die boluntarioak jarriko direla Renferen Abandoko eta San Mameseko aldiriko geltokietan, proba-eguneko 8:00etatik aurrera, Santurtzi-Peñotara joateko txartelak emateko, leku horretatik abiatuko baita lasterketa.
Gainera, kirol-materialen kupoiak zozketatuko dira parte-hartzaileen artean, baita Portugaleteko Gran Hotel Puente Colgante hotelean asteburu bat pasatzea ere. Beraz, erantsitako inskripzio-fitxako datu guztiak bete daitezela eskatzen da.