Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du gaur, azaroaren 20an, mundu osoan ospatzen den Haurren Egunarekin. Hain berezia den egun hau ospatzeko, jendearen partaidetzarekin egin den jendaurreko irakurketa bat antolatu da, non haurren eskubideak aldarrikatu diren.

Ekitaldia Azkuna Zentroko atarian egin da, eta Juan Mari Aburto alkateak parte hartu du, Elsa Fuente y Paco Alcolea, y UNICEFeko ordezkariekin, eta Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko kide diren ume eta nerabeekin batera. Gainera, hitza hartu dute Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Udalbatzako, hirugarren sektoreko entitateetako eta ikastetxeetako ordezkariek, eta haur, gazteria eta gizarte-zerbitzuen alorretako ordezkariek, besteak beste.

Parte-hartzaileek Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak jasotzen dituen printzipioak eta artikuluak irakurri dituzte. Konbentzio hori Nazio Batuen itun bat da, juridikoki loteslea den haurren eskubideei buruzko lehenbiziko nazioarteko legea. Dokumentu honek eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak biltzen ditu, eta mundu osoko haurrek eta gazteek bizitzen dituzten egoera desberdinak islatzen ditu.

Umeen eta Nerabeen Kontseiluaren osoko bilkura

Irakurketari ekin aurretik, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluaren osoko bilkura egin da: 13. bilkura izan da, Kontseilua 2017an eratu zenetik. 46 lagunek parte hartu dute, 10 eta 14 urte bitartekoak.

Osoko bilkuran, ikasturte honetan landuko duten gaia zein den jakin dute (parte-hartze bidezko aurrekontuak). Hiria hobetzeko proposamenak edo proiektuak egiteaz arduratuko dira.

Modu berean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala landu dute, abenduaren 10ean 75 urte beteko baititu.

Bilboko Hiria, Umeen Laguna

Udalak ume eta nerabeekin hartutako konpromisoaren aitorpen gisa, «Bilbo, Umeen Laguna» titulua lortu zuen hiriak, 2018ko azaroan, UNICEFen eskutik.

Bilboko Udalak Umeen eta Nerabeen Kontseilua abiarazi zuen, Bilboko umeek eta nerabeek hiria eraikitzen parte har dezatela bultzatzeko tresna gisa. Ordezkariak urtean birritan biltzen dira osoko bilkuran, eta, gainera, lan-batzordeetan parte hartzen dute. Era horretan, udal jarduna ebaluatzen dute, eta hiria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkien proiektuak aurkezten dituzte. Horretarako, udal sailek erronkak aurkezten dizkiete, eta umeak eta nerabeak sailekin lankidetzan aritzen dira.

Ekintza horiek guztiak 2025era arte indarrean egongo den Bilboko Umeen eta Nerabeen II. Udal Planean sartzen dira. Plana Kontseiluko kide diren 46 haurren eta nerabeen parte-hartzearekin ondu zen, eta aldez aurretik 1.000 haur eta neraberen ekarpenarekin egindako diagnostikoa kontuan hartu zen.

Plan hori urian 18 urtetik beherako pertsonei zuzendutako 188 udal-ekintzaz osatuta dago, eta Bilboko haur eta nerabeen erronkei eta desafioei erantzun nahi die, adingabeen ongizatea, eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzen dituzten printzipio batzuen inguruan ardaztutako ekintzak hedatuz.