Historiako zifrarik onenak erregistratu egin ditu Bilbok uda honetan jasotako bisitarien kopuruari erreparatuz. Horrela ezagutarazi egin du gaur goizean Bilboko Udaleko Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotzi Xabier Ochandianok,

Datu horiek agerian jartzen dute "udalak Aldundiarekin eta turismo-eragile guztiekin batera egiten duen lana, hiria helmuga erakargarria eta kalitatezkoa izan dadin".

Eustatek emandako datuak aztertu ondoren, azaldu du aurtengo ekainetik irailera bitartean 454.828 turisten bisita jaso zuela hiriak. "Horrek esan nahi du 2022ko aldi berean baino % 3,6 gehiago direla, orduan lortu baitzen serie historikoaren markarik onena, 438.973 bisitarirekin".

Nazioarteko oihartzuna duten ekitaldi handiak eta beste hitzordu batzuk erakartzen eta garatzen ari gara, hala nola Aste Nagusia, 1,8 milioi pertsona baino gehiagorekin, Bilbao BBK Live eta Bilbao Blues Festival jaialdiak, kirol probak (Tourra), bai eta hainbat esparrutako kongresu ugari eta garrantzitsuak ere. Horrek guztiak Bilbo turismo urbanoaren nazioarteko erreferente bihurtzen du.

Bestalde, hotel-establezimenduetako gaualdien kopuruak ere gora egin du aurreko urtearekin alderatuta. Zehazki, 2022an 861.471 izatetik 2023an 916.198 izatera igaro dira: % 6,4ko gehikuntza.

Bilboko hotel-establezimenduetako gaualdien hazkunde-indize hori Bizkaikoa (% 5,8) baino handiagoa da. Ildo horretan, uriak Bizkaiko bisitarien % 66,9 biltzen du, eta EAE osoa hartuz gero, % 30,2.

Atzerriko jatorria

Hoteletara doazen bisitarien jatorriari dagokionez, atzerritik etorritakoak iaz 234.156 izatetik 2023an 274.156 izatera igaro dira; hau da, % 17,1 gehitu dira. Kopuru horiek erakusten dute hirian hazten ari den kolektibo bat dela.

Estatuko bisitari gutxiago egon dira hoteletan: aurtengo ekainaren eta irailaren artean 180.672 etorri dira, % 11,8 gutxiago, baina aldi berean *apartamentu turistikoetako egonaldiak areagotu dira: 10.838 pertsona eta 25.236 gaualdi.

Atzerriko turismoan, Frantziatik datoz oraindik ere bisitari gehien Bilbora, Alemaniatik, Estatu Batuetatik eta Erresuma Batuetatik baino gehiago. Bestalde, Estatuaren barruan, hirian ostatu hartzen duten pertsonen jatorriaren rankingean Madrilgo komunitatea da lehenengoa, alde handia atereaz Katalunia, Andaluzia eta EAEri.

Hotel-plaza gehiago eta errentagarritasun handiagoa

Azkenik, kontuan hartu beharreko datua da hotel-plazen gorakada. 2019an (pandemia baino lehen), Bilbok egunean 8.580 plaza zituen 79 hotel-establezimendutan banatuta. Udako hilabete hauetan, aldiz, Bizkaiko hiriburuak 10.123 plaza izan ditu egunean, 87 establezimendutan.

Gainera, gela bakoitzaren batez besteko errentagarritasuna ere hazi da, % 18,9, 2022ko 91,62 eurotatik 2023ko udako 108,92 eurotara igaroz. Bisitarien batez besteko egonaldia zertxobait hazi da, iaz 1,96 gaualdi eta aurten 2,01 gaualdi eginez; eta 2,08 gaualdi atzerriko turismoaren kasuan.

Kategorien arabera, estatuko eta nazioarteko turismoak 3 izar edo gehiagoko hotelak aukeratzen ditu (plazen % 76,8). 

Turismo bulegoak

Bestalde, Bilboko turismo-bulegoek 133.201 aurrez aurreko bisitariak erregistratu zituzten ekainetik irailera bitarteko lau hilabeteetan. Horietatik % 57,7 nazioartekoak izan ziren, % 32,2 estatukoak eta % 10,1 EAEkoak.

Atzerriko bisiten jatorriari dagokionez, rankingaren buruan Frantzia dago (% 12), ondoren Erresuma Batua (% 10,65), Alemania (% 7,53), Italia (% 4,76), AEB (% 4,06) eta Herbehereak (% 3,42). Estatuko bisiten artean, Madril nabarmentzen da (% 7,8), eta ondoren Katalunia (% 6,15), Andaluzia (% 4,71) eta Valentziako komunitatea (% 3,48).

Apartamentu turistikoak

Apartamentu turistikoak (ez etxebizitza turistikoak) enpresa-establezimenduak dira, alojamendu-unitatez osatuak. Multzo independente gisa eskaintzen dira, eta aldi baterako ostatu ematera bideratzen dira, profesionalki, ostatu hartzen duen pertsonaren bizilekua aldatzera iritsi gabe.

Modalitate hori gero eta bisitari gehiago izaten ari da Bilbon, batez ere estatuan.