Herritarren zibersegurtasuna bermatzeko Bilboko Udalak egindako lanak saria izan du. Igande honetan, Irontech enpresak bere 20. urteurrenean 'Bide Berriak' izeneko saria eman dio udal erakundeari.
Bilboko Udalak teknologia eta estandar irekien eta abangoardiakoen alde apustu egin du Herritarren Zibersegurtasunaren arloan, BilbaoTIK udal sozietateko taldearekin batera gauzatzen ari den “Zibersegurtasuna Herritarrentzat” izeneko proiektuarekin lotuta, eta orain egin zaion aitorpen horrek nabarmendu egiten du apustu hori.
Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendari Ane Miren Ibañezek azaldu duenez, proiektu erabat berritzailea da, eta zerbitzu garrantzitsuak eta berriak eskainiko ditu herritarren segurtasun digitala hobetzeko eta ziberdelituen kopurua gutxitzeko. Izan ere, “online delituak digitu bikoitzean hazten ari dira, eta salatutako delituen % 20 dira”.
Azaldu duenez, segurtasun-mekanismoak sortu dira horretarako, eta horien bitartez Udalaren WIFI sarean detektatutako online mehatxuak identifikatu eta blokeatzen dira eta kaltetutako pertsonari ere mehatxu horren berri ematen zaio bere gailuan. Modu berean, proiektuak konponbide prebentibo bat eskaintzen du; izan ere, herritarrak trebatzeko programak prestatuko ditu, mundu digitalean euren burua babesteko tresnekin ahaldundu daitezen.
Saria jaso berri duen proiektu honen aurrerapenaren ondorioz, Bilbo da zerbitzu teknologiko hori izan duen lehenengo administrazio publikoa, eta izan liteke Estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuetan ere ezartzea.
Hain zuzen ere, ekimen hori finalista izan zen “2021eko Global Mayors Challenge” sari prestigiotsuetan. Bertan, proiektuaren definizioa aurkeztu zen, eta 4 hilabetez modu esperimentalean lan egin zen, Bloomberg Fundazioarekin batera, arazoa eta konponbidea azken erabiltzailearekin kontrastatzeko, hau da, adinekoekin, ikasleekin…, eta orobat Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin, Basque Cybersecurity Centrerekin eta unibertsitateekin, besteak beste.
Proiektuak urratsak egiten jarraitu du, eta une honetan ia amaituta dago. Aurreikusita dago hirian datozen hilabeteetan aktibatzea.
Edukia
Oinarrizko bi ardatz ditu:
- Ardatz teknologiko bat, online ingurunean herritarren babes-maila sortzeko, mundu fisikoan dagoenaren antzera. Udal WiFi sarean (Bilbao Wifi) sortutako trafikoaren buru jakin batzuen azterketan oinarritzen da, herritarrentzat arriskuren bat duten terminalak identifikatzea dakarten patroiak identifikatzeko. "Hau da, -zehaztu du zuzendariak- ez da bere helburua WiFi sarea babestea, hori albo-ondorioa izango baita, baizik eta erabiltzen duten pertsonei bere gailuan (ordenagailua, tableta, smartphonea…) dagoen kode maltzurraren berri ematea.
- Eta herritarrak zibersegurtasunarekin lotutako gaitasunetan gaitzeko ardatz bat, herritarrak prestatu eta ahalduntzeko helburuarekin. Horretarako, online prestakuntza-plataforma bat prestatuko da multimedia-edukiekin (batez ere, bideoak), teknologia eta zibersegurtasun arloko ezagutzarik ez duten edo maila oso baxukoa duten pertsonentzat oso ulergarria den hizkeran idatzia. "Eduki horien bidez –zehaztu du Ane Miren Ibañezek– pertsonak kontzientziatu nahi dira iruzur eta delitu informatiko ohikoenen inguruan. Helburua ez da segurtasun arloko adituen hiri bat egitea, baizik eta oso oinarrizko ezagutza-geruza bat ematea, sarean ohikoenak diren tranpetan ez erortzeko."