Bilbao Kirolak-en 2023-2024 denboraldirako antolatu dituzten ikastaroetan parte hartzeko zenbakiak eskatzeko epea irailaren 8an amaituko da. Bilbao Kirolak-eko abonatuek web orriaren bidez eskuratu ahal izango dituzte zenbakiak, edo, bestela, aurrez aurre, udal-kiroldegietako makinetan.

Bilbo Kirolak-ek dituen 11 kiroldegietako bakoitzean zozketa bat egingo da. Horrela, “zozketetan parte hartu nahi duten abonatuek zenbaki bana eskura dezakete kirol instalazio bakoitzeko”, azaldu dute Udaletik. “Zozketan egun eta ordu bat esleituko zaio zenbaki bakoitzari, eta hortik aurrera hasi ahal izango da ikastaroetan izena ematen”.

Zozketa hauen emaitzak irailaren 14tik aurrera egongo dira ikusgai kiroldegietako instalazioetan eta www.bilbaokirolak.eus webgunean. Hitzordua daukaten pertsonek irailaren 18tik (astelehena) aurrera eman dezakete izena, eskatutako zenbaki bakoitzari esleitutako egun eta ordutik aurrera. Ikastaroetako izen-emateak Bilbao Kirolak-en webgunean egingo dira, edo, bestela, aurrez aurre, udal kiroldegietan eskuragarri dauden salmenta automatikoko guneetan.

Zozketak elkarren segidako hitzorduak atera dituen familia-unitate bereko hitzorduak banantzen baditu, "familia-taldea errespetatuko da eta lehen hitzordutik aurrera hitzordu korrelatiboak esleituko zaizkie kide guztiei", aipatu dute. Aipatu beharra dago, hitzordurik ez daukaten abonatuek irailaren 24tik aurrera izango dutela aukera bete gabe geratu diren lekuetarako izena emateko. Beste alde batetik abonatuta ez dauden pertsonek, berriz, irailaren 26tik aurrera izango dute aukera apuntatzeko.

Denboraldi guztietan bezala, Bilbao Kirolak-ek itxarote-zerrendak ipiniko ditu guztiz beteta geratzen diren ikastaroetarako. Plazak bete gabe dauzkaten ikastaroetan, zerrendak hilero-hilero kudeatuko dira eta telefono-deiak egingo dira izena emandako hurrenkeraren arabera. Ikasturteko lehen hilabeteko ordainketa, 2023ko urria, eskudirutan, kreditu-txartelarekin edo Bizum-ekin egingo da. Hurrengo hilabeteei dagokien ordainketa helbideratu ahal izango da.  

Izena ematen denean, hurrengo hilabeteetarako ordainketa banku-helbideratzearen bidez egitea aukeratzen bada, automatikoki berrituko dira ikastaroak. Ikastaroak dirutan, Bizum bidez edo kreditu-txartelarekin ordaintzen jarraitzen bada EZ da automatikoki berrituko, eta aurreko hilabeteko 22ra arte berritu ahal izango da, bulego birtualaren bidez edo aurrez aurre kiroldegietako makinetan. Ikastaroetako bajak aurreko hilaren 22ra arte izapidetu daitezke, web-orriko bulego birtualaren bidez edo kiroldegietako makinen bidez.