Astearte honetan goizean, ekainak 27, Mexikoko ordezkaritza bati harrera ofiziala egin dio Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Immigrazio saileko zinegotzi Kontxi Claver-ekin batera.

Herrialde hartako udalerrien, estatuen eta gizarte-entitateen ordezkariak buru dituela, adituen batzorde horrek egiteko hau ekarri du: Bilboko Udalaren kulturartekotasunaren arloko eredua, estrategia eta jardun-molde onak ezagutzea.

Ikustaldiaren aurrekariak 2022an bilatu behar dira, noiz ere Kulturarteko Hirien Sareak (RECI) –Europako Kontseiluaren Intercultural Cities izeneko programari atxikia– Bilbo proposatu zuen Mexiko Hirira joan zedin. Ekitaldi hartan, Mexikoko hainbat hiri handitako eta estatutako ordezkariek parte hartu zuten, eta halaber immigrazioaren eta kulturartekotasunaren arloko unibertsitate- eta gizarte-erreferente garrantzitsuek.

Hala, bada, egun hauetan Mexikoko ordezkaritza bat ari da Bilbon ikustaldia egiten, Bilboko Udalaren kulturartekotasunaren arloko eredua eta estrategia ezagutzearren. Alde batetik, analizatu nahi dute Kulturarteko Hirien Sare batean lan egitetik zer abantaila atera daitekeen Mexikon, eta, bestetik, nahi dute Mexikoko udalerriek eta estatuek apurka-apurka kulturartekotasunaren kudeaketa publikoko eredu bat hartzea.

Nabarmendu dutenez, Mexikoko adituen ordezkaritza horri bereziki jo dio begia zer-nolako gertutasunez eta koordinazioz lan egiten den maila askotako gobernantza batetik, bereziki Eusko Jaurlaritzarekin, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzarekin eta haiei dagozkien tresna guztiekin lan egitean. Era berean, elkarlan publiko eta sozialeko espazio guztiak nabarmendu dituzte, hala nola Begirune Fundazioa, Grupo Peñascal kooperatiba-sozietatea, Munduko Medikuak Euskadi, Zehar Errefuxiatuekin, CEAR.

Gaur den egunean, Bilbon, Mexikon jaiotako 508 pertsona bizi dira ––Mexiko da 22. herrialdea Panorámica anual 2022 izeneko zerrendan, Erresuma Batua, Italia, Alemania edo Estatu Batuak baino gorago dago zerrenda horretan––, eta, halaber, hor da "México Lindo" kultur elkartea ere, zeinak kultur harremanak eta elkar ezagutzea sustatzen baititu Mexikoren eta Euskadiren artean, eta halaber mexikar kultura, tradizioak eta usadioak sustatzen Euskal Herriko gizartean. Erreferentziazko gune bat da Euskadin bizi den mexikar komunitatearentzat.