Gernikan jaiotako Eulogio Omaetxebarria Solaegi diseinatzaile grafikoak irabazi egin du Bilboko Udalak urtero antolatzen duen Aste Nagusiko kartelaren lehiaketa, 'Bihotzez' izeneko lanarekin. Astearte honetan goizean, ekainak 27, ezagutarazi egin du irabazlea Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak.
'Bihotzez' izan da aurten baloraziorik onena lortu duen lana, 6 kartel finalisten artean emandako botoen % 31,52 eskuratu duelarik. 'Bihotzez', izenak berak adierazten duen bezala, Bilboko jaiek eragiten duten emozio eta ilusiorako deia da. Mezuak grafismo xumea du oinarri, Marijaiaren eskuek osatutako bihotzari eta kolore gorriari protagonismo osoa emanez.
Aste Nagusiko kartelaren herritarren aukeraketa
Joan den astean, ekainaren 19tik 25era, hain zuzen ere, 6 kartel finalisten artean bozkatu ahal izan da aurrez aurre Abandoko Barrutiko Udal Zentroan eta udalaren webgunearen bidez.
Bilboko Udalak leial eutsi dio irudi irabazlearen hautaketan herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuari, eta % 66ko balioa eman dio herritarren bozketari, eta % 33koa epaimahai espezializatuari.
Epaimahaia hauek osatu dute: udalbatzaren aldetik, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak eta Asier Abaunza, Bruno Zubizarreta eta Garazi Perea zinegotziek; Idoia Ugalde Bilboko Konpartsetako kideak; Alicia Fernández Rekalde Aretoko zuzendariak; Alberto Salcedo Arte Ederretan Doktore eta BilbaoArteko Irakasleak; Igor Siguero EiTBko Kazetariak; Georges Belinga Koop SF 34ko sortzaile eta Kamanga Influencers-eko ordezkariak; eta Cristina Guezuraga Sirope Agentziako Sorkuntza Zuzendariak.