Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bai mundu osoan zehar errefuxiatuta eta desplazatuta dauden milioika pertsonen errealitatea ikusarazteko helburu duen eta gaur, ekainak 20, ospatzen den Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin. Besteak beste, gatazka armatuetatik, indarkeria orokortuetatik edo etnia, erlijio, sexualitate edo iritzi politikoengatiko jazarpenetatik ihes egin duten pertsonak dira.

Hitzorduaren inguruan, “Gonzo” ezizenez ezaguna den Fernando González kazetari mediatikoaren “Mis fronteras” liburuaren aurkezpena egingo da. Aurkezpena eta ondorengo solasaldia datorren astelehenean, ekainak 26, izango dira, arratsaldeko 19:00etan, Bidebarrietako liburutegian, Kazetarien Euskal Elkargoaren eta KCD ONGDren (Zinema Ikusezinaren Jaialdia) laguntzarekin.

Fernando González “Gonzo” kazetaria konpromisoaren eta lotura profesionalaren erreferentea da asiloaren eta babeslekuaren gaietan, La Sexta telebista-kateko “El Intermedio” eta “Salvados” programetan egiten duen lanarengatik, eta dokumentalak eta erreportajeak ikertu eta egiteagatik. “Mis fronteras” munduko geografiako leku gatazkatsuenetan barrena egindako ibilbidea da. Aldi berean, bere belaunaldiko kazetaririk ausartenetako eta konprometituenetako baten bizipenak zeharkatzen dituen bidaia da. Bertan, “Gonzo” bere ibilbidean aurkitu dituen eta arrasto sakonena utzi dioten aurpegietara itzultzen da, bere familiaren eta Espainiaren historia desegiten du eta ispilu bat jartzen digu aurrean: “Lerro hauek irakurtzen ari zaren hori, hurrengo migratzailea izan zaitezke edo migratzailearen ondorengoa”.

Horrez gain, solasaldian parte hartuko dute Rosabel Argote kazetari eta migrazio eta asiloan adituak, eta Mbaye Gil Sanchez erizain eta Senegal eta Euskadiren arteko garapen eta lankidetzarako Sunu Gaal elkartearen ordezkariak.

Bestalde, Europako SCORE proiektuaren (Sporting Cities Opposing Racism in Europe) barruan, datorren ostegunean, hilak 22, BAKUVA Fundazioaren laguntzarekin, Rennesko Unibertsitateak SCORE hitzarmena osatzen duten 6 herrialde eta hirietan egindako ikerketaren emaitzak aurkezteko mintegi espezifiko bat egingo da.

Higi Vandis ilustratzailea arduratu da Nazio Batuek adierazitako efemeride hori oroitzeko kartela egiteaz.