Síguenos en redes sociales:

Ostiralean eta larunbatean ospatuko da Gau Zuria

Bilboko Udalak ezagutzera eman du datorren ostiral eta larunbatean, ekainaren 16an eta 17an konkretuki, ospatuko den eta uria eraldatuko duen Gau Zuria ekimenaren egitaraua.

Udalak 26 gune hautatu ditu uriko auzoetan ––Atxuri, Zazpi Kaleak, Indautxu, Abando edo Deustu––, era bateko eta besteko esku hartze artistikoak gauzatzeko, hala nola soinuzko eskulturak, instalazio interaktibo, parte hartzeko eta murgiltzekoak, musika, antzerkia, dantza eta formatu handiko jolasak. Gainera, beste bi dantza ikuskizun ibiltari ere izango dira, urian han eta hemen.

Gau Zuriko bi hitzorduen ordutegia 19:30etik 00:30era izango da, familietako kide guztiei ekitaldiaz gozatzeko aukera ematearren, eta, gainera, publikoak aukera izan dezan ikusteko ekitaldiko instalazioak nola eraldatzen diren, egunari eta gauari egokituz.

2023ko Gau Zuriaren edizio berri honetako proposamenak era bateko eta besteko ibilbide artistikoak egin dituzten tokiko eta nazioarteko artisten eskutik etorriko dira, hala nola konpainia berriak, beste jaialdi ospetsu batzuetan ere parte hartu dutenak (dela Fêtes des Lumières, Lyongoa, Light Festival, Amsterdamgoa; Llum BCN; edota Muit Blanche, Pariskoa).

Bilboren 723. urteurrena

Uriaren urteurrena bihar, ekainaren 15ean, hasiko da -uria halako egun batean sortu baitzen 1300. urtean- Bilboko bandera altxatuz. Ekitaldi horretan Juan Mari Aburto alkatea izango da, Udal Korporazioko kideak lagun dituela, eta Ernesto Erkoreka plazaren erdiko lorategietan egingo da.

Hori uriaren urteurrenaren ekitaldi instituzionalik sinbolikoenetako bat da, On Diegoren ohorez egiten den herritarren lore-eskaintzarekin batera. Lore-eskaintza, hain zuzen ere, ekainaren 18an egingo da. Barruko espazioak sarrera librekoak dira, harik eta edukiera osatu arte.