Bilboko Udalak hiriko gazteen emantzipazio-tasa handitu eta emantzipatzeko batez besteko adina murriztu nahi du eta horretarako gazteen emantzipaziorako Euskadiko lehen arreta-zentro presentziala –GAZ-Bilbao izenekoa- ireki du. , “Gazteen emantzipazioa bultzatzen eta bizitza zein familia proiektuak eraikitzen laguntzea atzeraezinezko lehentasun estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. Jokoan dago gazteen oraina eta etorkizuna, eta jokoan dago Euskadiren oraina eta etorkizuna”, adierazi du 2030 Agendaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek.

Bulego berria ostiral goizean inauguratu dute, La Perrera eraikinean (Sabino Arana 50). Han, langile espezializatuek informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza integrala eta pertsonalizatua eskainiko diete 16-34 urteko gazteei, emantzipaziorako proiektuak abiaraz ditzaten.

GAZ-Bilbao ekimen berritzaile eta pilotu gisa sortu da, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batzuentzat erreferentziazko eredu izateko asmoarekin.

Hiru helburu zehatz ditu, aste honetan bertan onetsitako Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko Euskal Estrategiaren esparruan eta horri jarraikiz:

  • Bilbon bizi diren edota Bilbon ikasten edo lan egiten duten gazteek beren bizi-proiektuak garatzeko dituzten aukerak zabaltzea
  • gazteen emantzipazio-tasa handitzea
  • eta emantzipatzeko batez besteko adina murriztea

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Errotetarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteriako zuzendari Miren Saratxagarekin batera, zerbitzu berri hau aurkeztu dute gaur goizean, eta zerbitzua «aitzindaria, doakoa eta sarbide unibertsalekoa» dela adierazi dute.

Juan Mari Aburtok erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du: “Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin garatutako ekimen pilotua da, Euskadiko beste udalerri batzuentzat eredu eta erreferentzia izateko asmoa duena, aste honetan bertan onartu den Gazteen Emantzipaziorako Euskal Estrategiaren barruan”.

Ildo horretan, Aburto alkateak honako hau ere azpimarratu du: «garrantzitsua da berritzaileak izatea, betiko erronka berberei aurre egin behar dieten gazteei tresna eraginkorrak emateko, askotariko testuinguru eta errealitateetan betiere, gazteen bizi-ibilbideak geroz eta askotarikoagoak eta korapilatsuagoak dira eta, horrenbestez, bizi-ibilbide horiek garatzen lagundu behar diegu emantzipazio-politika espezifikoen medioz (mugikortasun- edo migrazio-ekimenak barne), baita familia-etxetik irteten ere, eta arreta gazte guztiengan jarri behar dugu, inor atzean utzi gabe».

Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak gaineratu duenez, “GAZ zerbitzua emantzipaziora bideratutako beste zerbitzu espezializatu batzuekin konektatuko da. Zerbitzu horiek ekintza positiboa garatzen dute kalteberatasun-egoeran dauden gazteekin, hala nola, familia-laguntzako sarerik ez duten gazteekin, edo desgaitasunen bat edo gaixotasun mentalen bat duten gazteekin”.