“Bilbok erreferente globala izan nahi du garapen jasangarriaren eremuan", horrela adierazi du asteazken honetan Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, "Bilbo jasangarria: 2030 Agenda eta GJHak" dokumentua jendeaurrean aurkezterakoan. "Agenda hau maila unibertsalean kokatzea bultzatzen da", abiarazi du.

2021az geroztik, zeharkakotzat jotzen den lan horretan udal sail guztiek parte hartu dute, eta UN ETXEA-ren eta Coop & Co-ren lankidetza izan du. Helburua izan da “erakundeek, entitate pribatuek eta herritarrek bultzatutako eguneroko hainbat ekintza identifikatzea –balioei eta GJHei lotutakoak–, zeinak gero eta udalerri jasangarriago, justuago, solidarioago, inklusiboago, pluralago eta askotarikoago bat sortzen laguntzen baitute”. Hala azaldu du Juan Mari Aburto alkateak, ekitaldiko buruak.

Ildo horretan, 2030 Agendaren kokapenaz Aburtok esan du “funtsezkoa dela herritarrek barneratu dezatela eguneroko ekintzek beti eragina dutela, eta uler dezatela eguneroko bizitzan hartzen dituzten erabaki guztiek eraldaketa-gaitasun handia dutela”.

Aurkezpena gaur goizean egin da Arabiar Aretoan. Udaleko, beste euskal erakunde batzuetako, enpresetako, zentro akademikoetako, gizarte-entitateetako, elkarteetako, komunikabideetako eta gizarte zibileko hainbat ordezkariren aurrean, Juan Mari Aburto alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia, eta Javier Cortés Coop & Co kooperatibako aditu eta zuzendarikidea aritu dira proposamen berritzaile hau zertan datzan azaltzen. Era berean, aplikatutako metodologia, Udalak gai honetan epe labur eta luzean bere gain hartzen dituen erronkak, eta hiri gisa estrategia bat hedatzeko dagoen interesa azaldu dituzte.

Alkateak bere hitzaldian aurreratu duenez, gure helburua da “2030erako Bilbo gizatiarragoa, bizigarriagoa, inklusiboagoa eta berdintasunezkoagoa lortzea. Hiri lehiakorragoa izatea, inbertsio publikoa eta pribatua erakartzeko epe luzeko proiektu batera, hiria eta herritarrak jasangarritasunerantz gidatzeko proiektu batera”.

Gainera, Aburtok berak nahi duen hiri-eredua deskribatu du: “balioen hiri bat, giza garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten duena, kontratu sozial sendoa daukana, pertsonak erdigunean jarriz eta inor atzean utzi barik”.