Hileko azken ostegunetan Rekalde aretoak "Kirola Herrietan" jardunaldia jasoko du kirolaren arloan ezagutza sustatzeko eta gizarteratzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du ekimen hau Bizkaiko kirolean erreferente diren pertsona eta/edo erakundeen esperientziak, konponbideak eta zailtasunak partekatzeko.

Jardunaldiak hilean behin izango dira; lehenengoa "Bizkaiko erreferentziazko kirol ekitaldiak-Eventos deportivos referentes en Bizkaia" izenekoa, bihar, martxoak 23, egingo da eta ekitaldiak antolatu eta garatzeko ardura duten bost profesionalek eskainiko dute, Gran Fondo BIBE Transbizkaia, Pulmón de Acero, Bilbao Crossfit Txapelketa, Wop Challenge Bilbao Bizkaia eta Bilbao Pil Pil Urban Festival ekitaldien antolatzaileek.

Datorren apirilaren 27an landuko den gaia "Kirola eta erronkak Bizkaitik-Deporte y retos desde Bizkaia" da eta Alex Txikon, Gaizka Aseguinolaza eta Juanra Madariaga izango dira protagonistak. "Bizkaiko etorkizun handiko kirolariak-Deportistas promesas de Bizkaia" gaiari buruz eztabaidatuko den jardunaldia maiatzaren 25ean izango da eta Etorkizun Handiko Bizkaiko Kirolariak programako hainbat kirol modalitatetako kirolariek eskainiko dute. Azkenik, ekainaren 29an, "Bizkaiko erreferentziazko klub baten kudeaketa-Gestión de un club referente de Bizkaia" gaiari buruzko hitzaldi batekin emango zaio amaiera jardunaldi-ziklo honi; bertan Bizkaiko erreferentziazko kirol-klubetako kudeatzaile eta buruek hartuko dute parte.

Kirola Herrietan zikloa osatzen duten lau jardunaldiak hileko azken ostegunetan izango dira, Errekalde aretoan, 18:00etatik 20:00etara.